GI-20 saihesbidea eraldatzeko parte hartze prozesua abiatu du EH Bilduk Intxaurrondon
Grabiñe Alkiza eta Reyes Carrere zinegotziak, proposamenaren aurkezpenean, Zarategi pasealekuan. (Argazkia: EH Bildu) Donostia kanpoaldetik inguratzen duen saihesbidea, GI-20 errepidea, eraldatu eta hiribide bihurtzeko proposamena plazaratu zuen pasa den astean EH Bilduk, Bariantea eraldatu lelopean. Hori dela eta, prozesu parte hartzaile bat jarri du abian “herritarrek saihesbidearen eraldaketari buruz dituzten iritziak, beharrak eta nahiak ezagutzeko”.
Prozesuaren lehen fasea abiatu dute dagoeneko, eta Intxaurrondo auzoan hasi da. EH Bildu auzoko kolektiboekin harremanetan jartzeko bilerak programatzen hasi da. Horrez gain, triptiko bat banatuko dute etxez etxe “zalantzak argitu eta iritzia emateko bideen berri emateko”. Bilera publiko zein pribatuak programatu dituzte, baita erakusketa ibiltari bat ere hilaren 18tik 20ra. Prozesua otsailaren 24an amaituko da, Intxaurrondoko Kultur Etxean egingo den batzar irekian. Otsailaren 16an, gehiago sakontzeko saioa prestatu dute Hiritik At kooperatibarekin batera, ‘Hiria eraldatu, espazioak berreskuratu’ lemapean. Hitzaldia Intxaurrondoko Kultur Etxean egingo da 18:00etan.
Era berean, EH Bildu hiriko eragile sozial, politiko eta sindikalekin elkarlanean aritzeko bilerak antolatzen hasi da. Adierazi duenez, “donostiar guztiei irekitako parte hartze prozesua da hau”. Parte hartze prozesua Intxaurrondon hasi da, baina saihesbidea zeharkatzen duen gainerako auzoetatik jarraituko du.

