Lucas Egibar domina olinpikoaren bila
(Argazkia: BAT Basque Team) Zita garrantzitsua du bihar goizaldean Lucas Egibar snowboarder donostiarrak (Donostia, 1994), Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatuko baita, Pekinen (Txina). Bere palmaresa handitzen jarraitu nahi du Egibarrek, domina olinpiko bat irabazita: “Gustatuko litzaidake Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea. Ez dago horretan pentsatzen ez dudan egun bakar bat ere. Baina saiatzen naiz horrekin ez itsutzen, ez erotzeko. Argi dut bidea: egunero barruan dudan guztia ematea. Egin beharrekoa eginez gero, domina bat irabazteko lehian egongo naiz”, adierazi dio Berria egunkariari.
Snowboardeko munduko txapelketan urrezko domina bat eta zilarrezko bi irabazi ditu donostiarrak, eta Munduko Kopan ere behin nagusitu da. Ordea, ez du inoiz domina olinpikorik irabazi, eta arantza hori kentzeko aukera dauka orain. Izan ere, duela zortzi urte, Sotxin (Errusia), ondo ari zen lehiatzen, baina finalerdietan erori egin zen, eta zazpigarren postuan gelditu zen: “Zein azkar nihoan ikusita, agian, domina bat irabaz nezakeen”, esan dio Berria-ri. Ondoren, duela lau urteko Neguko Olinpiar Jokoetan, Pyeonchangen (Hego Korea), dominarik gabe itzuli zen Donostiara baita ere, final-zortzirenetan erori zelako. Hirugarrenean dominarekin itzuli nahi du donostiarrak.
Euskal Herriko 04:15ean hasiko da lehiatzen Egibar, lehenengo jaitsierarekin. Bigarrena 05:10ean egingo du, final-zortzirenak 07:00etan, final-laurdenak 07:37ean, finalerdia 07:58ean, final txikia 08:15ean eta final nagusia ondoren.

