Realak liderraren astindua jaso du, berriz ere
Emakumezkoen ligako lehen bi sailkatuak aurrez aurre aritu dira gaur, Zubietan. Reala aise gainditu du Bartzelona liderrak (1-9), beste behin ere. Txuri-urdinek lehen zati ona jokatu dute, markagailuan atzetik jarri arren. Berdinketa gertu izan dute, baina atsedenaldira bi goleko galerarekin iritsi dira. Bigarren zatian, beste zazpi sartu ditu Kataluniako taldeak, eta Realak, gutxienez, ohorezko gola egitea lortu du. Emma Ramirez izan da golegilea.
Lehen itzuliko partidan gertatu zen moduan, Bartzelonaren eta gainerako taldeen arteko arrakala handiegia da. Beste maila batean dago Kataluniako taldea, ekonomikoki eta kirol ikuspegitik. Txapeldunen liga lehiatzeko taldea dute. Horrela ere, Reala sailkapeneko bigarren postuan dago, eta horri eustea dute helburu.