40 urtetan 431tik gora torturatu Donostian
Aste honetako astekarian, Donostian torturak izandako eragina aztertu dugu, Euskal Memoriak egin zuen txostenetik abiatuta eta Hodei Egaña Diaz eta Leire Gallastegi Ormazabal donostiarren testigantzak bilduz.
‘Intxaurrondo’ entzuterakoan, ezinezkoa da donostiar askorentzat beldurrik ez sentitzea. Bertan izandako tortura saioei lotuta dago, tamalez, Guardia Zibilaren kuartela. Tortura erabiltzea ohikoegia izan delako euskal militanteen kontra, egiaztatutako datuek erakusten duten moduan. Egunotan ahoz aho dabil torturaren kontrako salaketa, baina egiarik eta aitortzarik gabe jarraitzen dute tortura pairatu duten ehunka donostiarrek.
Aste honetako astekarian, Donostian torturak izandako eragina aztertu dugu, Euskal Memoriak egin zuen txostenetik abiatuta eta Hodei Egaña Diaz eta Leire Gallastegi Ormazabal donostiarren testigantzak bilduz.
Euskal Memoriak egin zuen ikerketaren arabera, 431 izan dira 1960tik 2010. urtera Donostian torturatuak izan diren herritarrak. “Askoz gehiago dira”, dio Joxerra Bustillo fundazioko kideak. Jende askok ez dituelako inoiz salatu, lotsagatik, beldurragatik, “garai batean ohikoa zelako hori”.
Euskal Memoriaren azterlana
Euskal Herrian 5.657 kasu egiaztatu ditu Euskal Memoriak, ohiko estandarren arabera aztertutako 7.582 kasuren gainean. Zerrendan agertzen diren tortura kasu guztietatik, 4.755 gizonezkoei dagozkie, eta beste 902 emakumezkoei, aztertutako kasu guztien % 16, gutxi gorabehera. Torturak salatu diren atxiloketen egileei dagokienez, 2.677 Espainiako Poliziarenak dira (% 47), 2.348 Guardia Zibilarenak (% 41) eta Ertzaintzarenak 407 (% 7).
Erreportajea eta elkarrizketak osorik, bihar astekarian eta webgunean.