Amiantoa agertu dela eta, Auditz Akularreko hirigintza aurreikuspenak aldatzeko eskatu du EH Bilduk
EH Bilduren ustez, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean (HAPO) dauden Auditz Akularreko hirigintza aurreikuspenak ez dira bideragarriak. Izan ere, Altzako eremu honetako hainbat lekutan eta inguruan amiantoa agertu dela nabarmendu dute.
Auditz Akularreko hirigintza planak alegazio eta kexa asko jaso ditu Altzako elkarte askoren partetik. “Hirigintza garapen hori gauzatuko balitz, dentsitate handiko eremu honetan berdegune handi bat desagertuko litzateke. Eta ez hori bakarrik, ezin dugu ahaztu espazio natural honen artifizializazioak eragin ekologiko handia izango lukeela”, azaldu du udal taldeak. Horrekin batera, esan dute oraindik ez dela argitu noraino iristen den amiantoz kutsatutako lurzoruen eremua. “Baina tantaka ezagutuz doazen datuek erakusten dute hirigintza aurreikuspen horiek bideraezinak direla”.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du eskatu Auditz Akularreko lurzoruak desklasifikatzeko, eta ez da iragarri irizpide hori erabiliko denik dagoeneko abian den Plan Orokorra berrikusteko aldez aurreko lanei begira.
Hori dela eta, datorren asteleheneko udal batzordera eramango dute gaia. Auditz Akularren etorkizunaren inguruko zenbait gairi buruzko galderak egingo dizkiote udal gobernuari. “Galdetuko diegu zergatik ez duten oraindik iragarri Auditz Akularren aurreikusitako garapena baztertzen duenik eta horretarako prozedura administratiboa hasi dituela. Bestalde, jakin nahi dugu zergatik udal gobernuak oraindik ez dion eskatu Eusko Jaurlaritzari eremu hori EAEko lurzoru kutsatuen planoan sartzeko. Eta azkenik, eskatuko diegu azal dezatela zergatik ez duten bilerarik deitu Altzakoen osasunari zuzenean eragiten dion gai hori gardentasunez aztertzeko, eta herritarren alternatibak entzuteko”.