Ehunka ikasle kalera atera dira askatasun politikoen kontrako erasoen aurka
Ehunka gazte kalera atera dira gaur EHUn, iazko ekintza batean jasotako isunen kontra. Mobilizazioaren ostean eserialdia egin dute Tolosa hiribidean, eta Ertzaintzak gazte bat identifikatu dutela salatu dute. Ikasle Abertzaleak eta Unibertsitateko Indar Batasuna antolakundeek antolatu dute mobilizazioa.
Joan den ikasturtean Zorroaga aretoa okupatu ostean, hainbat ikasleri 20.000 euroko isunak jarri zizkieten. EHUri, isunen kargu egitea eskatu diote, “erantzule zuzena” dela uste dute eta. Bestetik, poliziari campusera sarrera berriro ere debekatzeko galdegingo diote errektoretza eta errektoretza ordeari. Joan den lau hilabetean ehunka sinadura bildu zituztela adierazi dute, eta datozen hilabeteetan ere, lanean jarraituko dutela. Finantzaketa kolektibo kanpaina bat jarri dute martxan, 20.000 euroak lortzeko.
“Lan politikoa egiteko eta antolatzeko behar-beharrezkoa den espazio bat lortzearen alde borrokatu zuen UIBk”, horretarako, Zorroaga aretoan sartuta. Horren aurrean, “EHUk Ertzaintza campusera bidali” eta ikasleak indarrez kanporatu zituen. Ikasleen diotenez, “EHUk baimendutako egoera errepresibo horren ondorio zuzenak” dira egun bizitzen ari diren egoera.
?[JARRAIPEN HARIA]#O10Mobilizatu
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) February 10, 2022
Hastear da @UIBnazionala eta @IAbertzaleak-eko kideek gaurko deitutako mobilizazioa. Aulariopea ikaslez betetzen hasia da. pic.twitter.com/SufNbR22pN
“Errepresio politikoa eta askatasun politikoen etengabeko urraketa hauek unibertsitatearen elitizazio prozesuaren baitan” kokatu dituzte ikasleek.”Eta honetan sakontzera datoz bai LOSU, zein bizikidetza lege berria deritzon erreformak. Bizikidetza legeak kasu, antolakuntza politikoa zigortzeko forma berriak ekarriko dituen honetan, inoiz baino lehentasun handiagoa du askatasun politikoen defentsa egitea, datorrenaren aurrean antolatzea eta mobilizatzea bestetik ez dugulako”. Martxoaren 24ean egingo den ikasle grebara batzeko deia ere luzatu dute.