Karlos I.aren hiribideko errepidea itxi dute, ekintza feminista batean
Edukiontzi bat gurutzatuta, Karlos I.aren hiribideko errepidea itxi dute. (Argazkia: Euskal Herriko Neska* Gazteak) Euskal Herriko Neska* Gazteak talde feministak Amara Berriko Karlos I.aren hiribideko errepidea itxi du goizean, “Gora borroka feminista!” oihukatuz. 08:15ak aldera egin dute ekintza, hiribidearen 26. zenbakiko zebrabidean. Edukiontzi bat gurutzatu dute, koloretako ke bonbak ireki dituzte eta hainbat lagun errepidean eseri dira, baita pankartak zabaldu ere; feministek hainbat minutuz itxi dute zirkulazioa. Handik joan direnean, Udaltzaingoak edukiontzia kendu du, zirkulazioa berrezarriz. Feministek sare sozialetan salatu dutenez, bi kide identifikatu egin ditu poliziak.
Zaintza gabe bizitzarik ez, neska* gazteok borrokan gaude! lelopean egin dute ekintza, sistema “kolapso baten aurrean” dagoela eta “egoera honi proposamen eta alternatiba baliogarririk ez zaizkiola eman” salatuz. “Bizigarriak diren bizitzak nahi ditugu, eta horretarako kolektiboa, erantzukizun afektiboa eta elkarren arteko zaintza oinarrizkoak dira. Nahiz eta borrokarako, antolakuntzarako eta eraldaketarako apustu argia egiten dugun, ez gara kalte gabe ateratzen gure egunerokotasunetik”, gaineratu dute feministek.
Nabarmendu dute “heteropatriarkatu kapitalistaren ondorio” dela emakumeek bizi duten egoera, eta “antolaketa kolektiboaren bidez” lortuko dutela hortik ateratzea. “Kontsumora eta maitasun erromantikoaren ideologiara kondenaturik eraiki diren horiekin hautsi nahi dugu, ez dugu biolentziaz elikatzen diren harremanen parte izan nahi eta horiekin bukatzeko hautua egiten dugu”, gehitu dute.
Guk argi dugu sistema hau dela erantzulea, heteropatriarkatu kapitalistaren ondorio dela gure egoera eta antolaketa kolektiboaren bidez lortuko dugula hemendik ateratzea. pic.twitter.com/GOcB2AFKxz
— Euskal Herriko Gazte Feministak (@EHGFeministak) February 10, 2022

