Amarako ganberroak batuta
1980ko hamarkadan, talde bitxi bat sortu zen Amaran: Gamberros Unidos. Speed musika taldearen inguruan sortu zen, erdi brometan erdi benetan, eta LP gogoangarri bat grabatu zuten, baita telebistan agertu ere.
Donostiar askori, bereziki 1980ko hamarkadan gazteak zirenei, ezaguna egingo zaie, segur aski, Gamberros Unidos taldea. Ordea, askorentzat ez da ezaguna izango, eta ezagutzea merezi du.
Speed taldea, akaso, ezagunagoa egingo zaie askori. 1980ko hamarkadaren erdialdean, Speedekoek Amarako Donosti Berri elkartean afaldu ohi zuten, euren lagunekin. Afari horietatik atera zen Gamberros Unidos taldea, Speedekoek 2015ean Rushed Blue atarian eskainitako elkarrizketa batean azaldu zutenez: “Kopa artean, abesti zentzugabeak abesten genituen, eta kalera eramaten genituen, tabernaz taberna. Dibertimendu horretatik, Discos Victorian aurkeztu genuen maketa grabatzeko ideia atera zen”.
Taldearen abesti ezagunenak zituen maketa horrek, Calderete eta Hazte un puro, biak ala biak jai girokoak, eta diskoetxeak LP bat grabatzeko proposatu zien. Proposamena onartu, eta bi hilabetean, diskoa prest zuten ganberroek: 1986an argitaratu zuten, Calderete izenarekin. Bederatzi abesti ditu, zein baino zein dibertigarriagoa: Calderete, Hazte un puro, Cuidado con los cuernos eta Ebribade obrai A aldean, eta Vacaciones, Isabelita, GU (Gamberros Unidos), Niña eta Ruta a Italia B aldean. LParen azalean, Arrokako kalezuloaren marrazki bat ageri da, jendez beteta. Diskoa osorik entzun daiteke Youtuben.
Bitxikeria gisa, kasualitatez (edo ez), taldearen siglak, GU, Alianza Popular alderdi eskuindarrak 1970eko hamarkadaren bukaeran Gipuzkoan izan zuen filialaren (Guipuzcoa Unida) sigla berak ziren.
Amaratik telebistara
Arrakasta handia izan zuen taldeak, 1986ko udan 40 Principales irratiko zerrendan egotera heltzeraino. Horren handia izan zen arrakasta, Espainiako telebista publikoko lehenengo kateko La Tarde saioan jotzera gonbidatu zituztela.
Han azaldu ziren hamabost bat lagun, mozorro ikusgarriekin, eta Hazte un puro abestu zuten zuzenean, edozein jai herrikoitan egingo luketen moduan. Emanaldiaren bideoa ere Youtuben ikusi daiteke.
Speedek Discos Victoriari Anticomercial diskoa (1988), euren hirugarrena, aurkeztu zionean (aurreko biak diskoetxe horrekin atera zituzten), diskoetxeak esan zien diskoa editatuko zuela, baldin eta Gamberros Unidosen bigarren disko bat grabatzen bazuten. Speedek ez zuen onartu, eta diskoetxez aldatzea erabaki zuen, baita Gamberros Unidosen ibilbideari amaiera ematea ere.