Ancorak herritarren laguntza eskatu du, Aldamar kalean arriskuan dagoen eraikina babesteko
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak sinadura bilketa bat abiatu du Change.org atarian, Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina ez dezatela bota eskatzeko. Ancorak azarotik darama “eraikin historikoa” botatzekoak direla salatzen, bertan eraikin altuago bat eraikitzeko. Azaldu dutenez, Viviendas Lanin SL enpresak hormigoizko eraikin bat egin nahi du hor, gaur egungoak baino hiru solairu gehiago eta lur azpian hamabi aparkaleku plaza izango dituena. Enpresak horretarako baimena eskatu zion azaroan udalari, eta Eneko Goia alkateak adierazi zuen oraindik ez zegoela erabakirik hartuta.
Eraikina ez dago Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan babestuta –gaztelaniazko PEPPUC siglekin ezagunagoa–, nahiz eta Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren ondoan egon, eta, Ancoraren ustez, “tratamendu berezia” behar duen. Besteak beste, Rekalde taberna eta Sagutxo azoka zeuden lehen eraikin horretan. Ancorak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, Ancorak berak egiten duen moduan, eraikina babesteko eskatu duela.
XIX. mendeko eraikina
Ancorak azaldu du lursaila Domingo Ezeizak, Ramon Mujikak, Antonio Zubillagak eta Francisco Etxeberriak erosi zutela 1888an, itsasoari berriki irabazitako eremua zenean. Horregatik, hain justu, nabarmendu dute Aldamar kaleko eraikin zaharrenetariko bat dela, eraiki zutenean Zurriolako harresiaren ondoan baitzegoen; harresia geroago bota zuten.