"Gaua oso gogorra izan da, pentsa nolakoa den egunero kalean lo egiten dutenentzako"
Etxerik gabeko pertsonek gauero pairatzen duten egoera salatzeko, 60 herritar inguruk Bulebarreko kioskoan egin dute lo. Ostegun iluntzean elkartu ziren han, eta goizean goiz esnatu dira; 08:00ak aldera, gauzak jasotzen ari ziren dagoeneko. Hiritarron Harrera Sareko Garazi Montuschik han egin du lo, eta hedabide honi azaldu dionez, ez dute gau atsegin bat pasa: “Gaua oso gogorra izan da, pentsa egunero kalean lo egiten dutenentzako”.
La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekitzea izan da kioskoan lo egin dutenen aldarrikapen nagusia, hiriko gizarte eragile ugarik azkenaldian egin duten moduan. Tenperatura baxuak egiten dituenetarako prestatuta dago aterpetxea, baina udalak 0 gradu inguru egiten dituenean eta izotz arriskua dagoenean soilik irekitzen du. Halidek, kioskoan lo egin duen beste herritar batek, aterpetxea ez irekitzea salatu du: “Jende asko dago kalean, baina ez dute aterpetxea ireki nahi. Horrek jendearen sufrimendua eragiten du, eta ezin du euren bizitzekin aurrera egin. Udalari eskatzen diogu mesedez jendea laguntzeko”. Ildo beretik jo du Montuschik: “Espero dugu honek guztiak zerbaitetarako balio izatea, eta udalak bere jarrera aldatzea”. Era berean, gaineratu du “beharrezkoa bada” halako mobilizazioak egiten jarraituko dutela.
Bestalde, kalean lo egin duten herritarrek salatu dute La Sirena tenperatura jakin bat egiten duenean soilik irekitzeko erabakia “kalefakzio bikaineko bulego batetik” hartu dutela, eta gaineratu dute “saihestu nahi duten bakarra halako baldintzetan norbait hiltzea” dela, “beste guztiak axola izango ez balu bezala”. Etxebizitza “oinarrizko eskubide bat” dela gogorarazi dute, baita erakundeek bermatu beharko luketela ere. Ildo horretatik, salatu dute neguan jendea “kale gorrian uztea bereziki ankerra” dela.
“Baliabideak egon badaude”, nabarmendu dute, La Sirena aterpetxeari erreferentzia eginez. “La Sirena neguko gau guztietan irekitzea exijitzen dugu, egin dezakeen eguraldia albo batera utzita; aterpetxea bertan gaua pasako duten pertsonentzako egokitu dadila, janari beroa eta baldintza onargarrietan jaso dezaten eta erabiltzaileen beharrekin bat datorren ordutegi bat izan dezala”, gaineratu dute.