Gurasoak trebatzeko hitzaldi zikloa egingo dute hiriko hainbat eskoletan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak egitasmoarekin bat egin du Donostiako Gazteria sailak. “Gurasotasun positiboan” oinarritutako eskaintza pedagogikoa da. Horrela, gurasoei zuzenduriko hitzaldiak antolatu dituzte haurren eta nerabeen heziketa prozesuan laguntzeko. Hilaren 14an eta 22an, eta martxoaren 2an, 14an eta 29an izango dira, hiriko hainbat eskoletan.
Guraso elkarteek, ikastetxeek edo hiriko beste hezkuntza eragile batzuen eskaerak, kezkak eta beharrak aintzat hartu dituzte hitzaldi zikloa prestatzerako orduan. Hona hemen agenda:
- Otsailak 14. Kirol apustuak eta ausazko jokoak. Zer egin dezake familiak? hitzaldia emango du Estibaliz Ansotegik. 18:00etan izango da Ikasbide ikastolan.
- Otsailak 22. Komunikazio ez bortitza hitzaldia emango du Nerea Mendizabalek. 18:00etan izango da aldundiaren Gipuzkoa plazako egoitzako Etorkizuna Eraikiz gunean.
- Martxoak 2. Haurrak eta internet: ohiturak, arriskuak eta erabilera segurua hitzaldia emango du Rakel Gamitok. 18.00etan izango da Morlansko Amara Berri ikastetxean.
- Martxoak 14. Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu hitzaldia emango du Estibaliz Ansotegik. 18:00etan izango da Peñaflorida ikastetxean.
- Martxoak 29. Substantzien kontsumoa, zer egin dezake familiak? hitzaldia emango du Estibaliz Ansotegik. 18:00etan izango da Peñaflorida ikastetxean.
Hitzaldiak doakoak dira eta ez da izenik eman behar. Edukiera bete bitartekoak izango dira saioak.