Sinadura bilketa egingo dute Loiolan, "instalazio militar berriak behar ez direla aldarrikatzeko"
Kuartel Berririk Ez plataforma antimilitaristak sinadura bilketa bat egingo du bihar, hilaren 12an, Loiolako Latsari plazan, erakundeei eskatzeko instalazio militar berririk ez irekitzeko, “ez Donostian, ez inon”. 12:30ean elkartuko dira plazan, eta nahi duen orok sinatu ahal izango du.
EAJk eta Espainiako Gobernuak 2020aren bukaeran akordioa lortu zuten, Loiolako kuartelek gaur egun hartzen duten lursaila udalaren esku uzteko, han etxebizitzak eraikitzeko; 2021ean zehar egin behar zuten lursailaren eskualdatzea, baina oraindik ez dute gauzatu, eta eremuak armadarena izaten jarraitzen du. Ordea, akordioa itxi eta gutxira, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen ibaiaren beste aldera eramango zutela instalazio militarra: hipikara.
Eskualdatzea oraindik gauzatu ez bada ere, El Diario Vasco egunkariak gaur bertan, hilaren 11n, argitaratu du Defentsa Ministerioak ekainak 30a bitarteko epea eman diela hipikako erabiltzaileei lur horiek uzteko, eremua armadarena baita. “Egoera honetan, ez da oso ulergarria hipikakoei epe hori jartzea, eta atzean zein arrazoi dauden publiko egitea eskatzen dugu, hau da, militarrak bertara mugituko ote diren edo asmo espekulatiboak dauden hipikako eremu honetan”, salatu du plataforma antimilitaristak.