Añorgan Dibertimentua egingo dute, inauterietako erritual propioa
Inauteriak ospatzeko erritual propioa sortu du Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak. Mendeurrena ospatzeko, Dibertimentua egingo dute hilaren 26an. “Komunitatea indartu eta erritualak berritzeko aukera izango dugu”, adierazi dute. Azken hilabeteotan 80 bat lagun aritu dira emanaldia prestatzen.
“Gure inguruan inauterien inguruan erritu ugari izaten dira: Inude eta Artzainak, Kaldereroak, Danborrada… Añorgan dantzak, antzerkiak eta bertsoak tradizio handia dute. Urte askoan bereizita landu badira ere, Euskal Herrian asko dira diziplina hauek uztartzen dituzten ereduak: Maskaradak Zuberoan, Libertimendua Behe Nafarroan… Aspaldiko ideia batetik abiatuta, Añorgan ere gure errituala sortu dugu: Dibertimentua. Horretarako, auzoko iruditeria bestelako elementuekin lotu dugu, gure mundua kontatzeko modua lantzeko asmoz”, azaldu dute.
Bi zatiko saioa
Dibertimentua saioak bi zati izango ditu. Lehendabizi, goizean abiatuta, Añorgako hiru gunetan ariko gara: 10:00etan Añorga Txikin, 11:00etan Karmengo Aman eta 12:00etan Pedro Josen. Emanaldi labur bana egingo dute geltoki bakoitzean. Ondoren, 13:00etan, Añorgako Harrobiaren Plazan izango da emanaldi nagusia.Behin emanaldia bukatutakoan, 14:30ean, bazkaria egingo dute plazan bertan. Sarrerak salgai daude, 15 eurotan bazkideentzat eta 18 eurotan bazkide ez direnentzat.
“Dibertimentuak lan karga berezia ekarri du, lehenengoa izanik, dena asmatzeko baitzegoen. Dena den, urtez urte errituala sendotu eta garatzea da asmoa, Añorgakoen egutegietan urtero iltzatuta geratuko den hitzordua izan dadin. Datozen urteetan edozein auzotarrek izango dute parte hartzeko aukera. Dibertimentuaren bidez komunitatea sendotzea da asmoa, eta askotariko diziplinak (dantza, bertsoa, musika eta antzerkia) elkarrekin lantzeko aukera eskainiko die auzotarrei”, nabarmendu du elkarteak.
Hilaren 26an, Dibertimentuko parte hartzaileez gain, edonork gozatzeko aukera izango duela gaineratu dute. “Horretarako, aski da mozorrotuta etortzea. Mozorrotzeak ez du arropa zehatz bat janztea esan nahi, norbere itxura aldatzea eta gorputza nahieran estaltzea baizik. Etxeko armairuren bateko arropa zaharrak, tela zatiak, maskarak, kapelak, margoak… Edozerk balio du mozorrotzeko”.