Langabeentzat doako euskara ikastaroak antolatuko ditu Donostiako Udalak
Langabeentzat doako euskara ikastaroak antolatuko ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Bi sasoitan izango dira: martxotik ekainera eta urritik abendura. Orain arte, urtean behin bakarrik antolatzen zituen langabeentzako ikastaroak baina aurten, martxotik ekainera ere antolatuko dira.
“Euskara ikasi nahi duten langabeei erraztasun gehiago emateko” zabaldu du eskaintza euskara zerbitzuak. Martxoaren 14an hasi eta maiatzaren 20an bukatuko diren ikastaroetan Donostian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako langabeek parte hartu ahal izango dute eta asistentzia nahitaezkoa izango da.
Matrikulatzeko epea otsailaren 16tik martxoaren 8ra egongo da zabalik eta Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman ahal izango da izena, baita on line ere www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan. Nahikoa da langabezia egoeran egotea izen ematea hasten den datarako, hau da, otsailaren 16rako. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira: astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era (ordu laurdeneko atsedenarekin).
Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. Kultura eta Euskarako zinegotzi Jon Insaustik adierazi duenez: “Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Hori dela eta, eskaintza zabaltzea erabaki dugu eta doako ikastaro horiek urtean bitan antolatzea. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”.