Gaur izango da Oier Oaren kontrako epaiketa Baionan
Gaur izango da Oier Oa Donostiako euskal preso ohiaren kontrako epaiketa, 2020an Frantziako Estatuan bizitzeko lurralde debekua ez betetzeagatik.
2014an frantziar justiziak gaizkile taldeko kide izateagatik ezarririko kondenak, lau urteko kartzela ez ezik, frantziar Estatuan bizitzeko lurralde debekua jasotzen zuen. 2015eko apirilean atera zen presondegitik jatorriz donostiarra den euskal preso ohia, eta geroztik, Larresoron bizi izan da bere emazte eta hiru semeekin. Baionako Bernat Etxepare lizeoan lan egiten du hezitzaile moduan.
Aldiz, bere egoera goitik behera aldatu zen, 2020ko azaroaren 25ean Larresoro eta Baiona artean frantziar poliziak ezarri kontrol batean atxilotu zutenean. Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko ezarri zioten debekua urratzeagatik eta Fijait fitxategiko neurriak ez betetzeagatik epaiketaren zain gelditu zen orduan, 2021eko martxoan prokuradoreak egindako proposamena errefusatu ondotik. Ordutik, Zugarramurdin (Nafarroa Garaia) bizi behar izan du. 2021eko irailaren 27an urraketa horiengatik epaitu behar bazuten ere, auzia 2022ko otsailaren 15era atzeratu zuten, defentsak hala eskaturik.
Lurralde debekua indarrean
Euskal preso ohiaren kontrako lurralde debekuaren kondena joan den azaroaren 8an berrikusi zuten Pariseko Dei Auzitegian iragan zen saioan. Handik hilabete eskasera, abenduaren 6an epaileek lurralde debekua ez kentzeko erabakiaren berri eman zuten. Oak eta bere familiak egun hartan itxaropenak jarriak bazituzten ere, elkarrengandik banandurik jarraitu behar izan dute denbora honetan.
2020ko azaroan atxilotu zutenetik, hamaika izan dira euskal preso ohiaren sustenguz antolatu diren ekimenak, bai Lapurdin eta baita Donostian ere.