Plaza Haundiko estalkiaren proiektua uztea erabaki du Egia Bizirikek
Egia Bizirik auzo elkarteak bost urte baino gehiago zeramatzan Plaza Haundiko –Martin Santos plaza da izen ofiziala– estalkia hobetzeko lanean. Horrela ere, bidean topaturiko oztopoengatik gaia utzi dute. Erabakiaren arrazoiak helarazi dizkiete hedabide honi, auzoko elkarteei, auzotarrei eta alderdi politikoei.
“Auzoarentzat Plaza Haundi izan da udalak bultzatu nahi omen dituen prozesu parte hartzaileen adibidea, eta ez da bakarra. Diru publikoaren erabileraren erakusgarri, baita ere: egingo ez den proiektu bat ordaindu da, partaidetza teknikarien ordu mordoa alperrik erabili dira… Eraginkortasun ezaren eredua, Egian zoritxarrez ondo ezagutzen duguna. Esaterako, Blas de Otero plazako kasuan, Astiñeneko zubian eta Astiñene baserrian. Erabaki bat hartu dugu, ondorioz: Egia Bizirik auzo elkarteak gai hau abandonatu du. Adarjotze bat izan da, beste adarjotze bat. Ikasten ari gara”, azaldu dute.
Plaza Haundiko estalki berria ez da egin, eta elkartearen ustez, ez da egingo: “Noren erruz? Udalak, dirudienez, errua garajeetako jabeengan jartzen du. Gure ustez ardura gehiago daude: hitz egiteko eta negoziatzeko borondaterik ez da egon”. Horrela ere, prozesuan parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. “Gutxienez plaza hobetzeko proiektu idatzi bat existitzea lortu dugu. Garai hobeak etorriko balira, garajeetako arazoa negoziatzeko beste pertsonak baldin badaude, beste ordezkari batzuk iristen badira udaletxera… baina hori guztia noizbait izango da, izatekotan, ez orain”.
Auzo elkarteak Plaza Haundiko estalkiaren proiektuaren inguruko kronologia osatu du, eta jarraian irakur dezakezue:
- 2015ean auzoko zenbait elkartek Plaza Haundiko estalkia hobetzeko eskatu zioten udalari, orain dagoenak ez dituelako baldintza egokirik. Udalak prozesu parte hartzaile bat bideratu zuen.
- 2017an lau bilera egin ziren udalaren ekimenez. Lehen bileretan, auzo osoaren ekarpenak jaso ondoren, estalkiaren ezaugarriak adostu ziren, eta horren ostean, udalak aurreproiektuaren erredakzioa konkurtsora atera zuen.
- 2017ko uztailaren 26an, aurreproiektua Asier Acuriola Barriori adjudikatu zitzaion, 33.033 euroko kostuarekin. Aurreproiektua bukatuta, kultur etxean aurkeztu zen 2017ko azaroaren 27an.
- Hurrengo urratsa lanaren exekuzio proiektua idaztea zen, eta lan hau ere Asier Acuriola Barriok egin zuen. Aurrekontua 1.533.115,51 eurokoa zen, gehi beste 82.600 euro hiri osagarrietarako.
- 2018ko uztailaren 12an udaleko lan eta proiektuen Zuzendari Alfonso Vazquez Altunak egutegia finkatzeko dokumentua sinatu zuen. Bertan hiru data azpimarratu zituzten: proiektuaren onartzea, 2018ko urriaren lehen hamabostaldia; lanen lizitazioa, 2018ko urriaren bigarren hamabostaldia; lanen hasiera, 2019ko apirilaren lehen hamabostaldia; eta exekuzio epea, zortzi hilabete.
- 2018ko azaroan aipatu ziguten lana pixka bat atzeratuko zela lana onartzeko orduan arazo batzuk sortu zirelako. Proiektua 2019ko otsailean onartu zen, eta 2019ko udal aurrekontuetan Plaza Haundiko obra sartu zuten.
- 2019ko martxoan, Plaza Haundi azpiko garajeetako jabeek biltzarra egin zuten. Dirudienez, inork ez zien ezer aipatu egitekoa zen obraz, eta haien baimena derrigorrezkoa zen lanak hasteko. Biltzar hartan udalarekin negoziatzeko batzordea aukeratu zuten. Auzo elkarteak jakin ahal izan zuenez, egoera baliatu nahi izan zuten udalak plazaren irazgaiztasun arazoak konpontzeko, garajeetan ura sartzen omen delako. Honen aurrean ulergarriena litzateke udalaren eta garajeetako jabeen arteko negoziazio prozesu bat hasi izana, baina ez zen ezer egin, ezinezkoa zirudien bi aldeak elkartzea.
- Egia Bizirik auzo elkarteak hamaika saio egin zituen: udalarekin behin eta berriro hitz egin, garajeen administratzaileari idatzi zion elkartu zitezen… Ez zuten erantzunik jaso.
- 2019ko urriaren 29an, garajeetako 44 jabe udaleko ordezkariekin bildu ziren. Bertaratutako garajeetako jabeek erabaki zuten aho batez udalari “oraingoz” baimenik ez ematea garajeetan sartzeko. Garajeetan dauden ur filtrazioak konpontzeko eskatu zioten udalari. Bere aldetik, udalak adierazi zien hori jabeen arazoa dela eta inoiz ez dituztela garaje pribatuen inpermeabilizaziorik ordaindu.
- Egia Bizirik saiatu zen egoera desblokeatzen, eta auzotarrek, garajeetako jabeek eta udalak elkartuko zituen negoziazio bat martxan jartzen. Ezinezkoa izan zela dio auzo elkarteak.
- 2020ko urtarrilean gaia osoko bilkurara eraman zuten. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen udal gobernuak parte guztiekin irteera adostua lortzeko. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aldeko botoa eman zuten, eta aurkakoa PSE-EEk eta EAJk, eta ondorioz mozioa ez zen onartu. Udalbatzar hartan, PSE-EEko ordezkariek adierazi zuten udalak obrari uko egitea erabaki zuela garajeetako jabeak obra horren kontra zeudelako. Auzo elkarteak dio hori ez dela egia, negoziaziorako bidea irekita zegoelako.
- 2020. urte bukaeran gutun formal bat bidali zion auzo elkarteak alkateari. Erantzunik gabe jarraitzen dute.