Adinekoen egoitzetako gatazka konpontzeko beste bilera bat eskatu diote Gipuzkoako Aldundiari
257. greba eguna dute gaur Gipuzkoako helduen egoitzetan, eta ehunka langilek bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek deituriko manifestazioarekin. Bulebarretik Gipuzkoako Aldundiraino mobilizatu dira arduradun politikoek gatazka desblokeatzeko borondaterik ez dutela salatzeko. “Adineko eta mendeko pertsonak zaintzeko zerbitzuak bermatzeko ardura duen erakunde publikoarekin biltzeko beste eskaera bat erregistratu dugu”, azaldu dute sindikatuek. Aipaturiko eskaera Gipuzkoako 60 eragile sozialek babestu dute.
Vanesa Pan zahar egoitza bateko langilea eta LABeko ordezkaria da, eta bizi duten egoera “jasanezina” dela adierazi du: “Beste behin ere kalean gaude, egoitzen egoera kaskarra salatzeko. Langile asko gaixo daude, gehiago ezin dutelako. Ez da posible oraindik ere lan hitzarmen duin bat eskatzen aritzea kalean”. Duela hilabete batzuk bilera eskaera bat erregistratu zuen aldundian, baina ez dute Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuaren erantzunik jaso. “Peñak ez du gurekin bildu nahi hainbatetan eskatu diogun arren”, nabarmendu du Panek.
“Irailean lau urte beteko dira langileak greba egunekin hasi zirenetik”, salatu du Janire Diezek, ELAko sektoreko arduradunak. Gutxieneko zerbitzuak %100 betetzen direla gaineratu du, eta langileek egoitzetan bizi duten egoera gero eta larriagoa dela. “Hilabetetik hilabetera gauzak okertzen doaz, lan kargak handitzen doaz. Ordezkapenak ez dira betetzen. Langileek ez dute erresidentzietan lan egin jasanezina delako egoera. Horrek guztiak gure egoiliarren zaintzaren kalitatea asko okertu du”. Ildo beretik, Panek adierazi du langileen prekarietatea areagotu dela: “Larrialdi egoera bukatu arren, ez da logikoa langileok grebarako eskubiderik ez izatea”.