Crossover telesailen jaialdia apirilaren 25etik 30era egingo dute
Bosgarren urtez jarraian, Crossover telesailen jaialdia antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kultur Factory Agentziak. Apirilaren 25etik 30era egingo dute Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran. 1980ko hamarkadako V telesail ezaguna da Crossover jaialdiaren bosgarren edizioko kartelaren oinarria. Donostiako Walijai Agentziak diseinatu du, eta adierazi dutenez, aurreko kartelen ildoari eutsi diote, joko bat eginez bost zenbakiarekin.
Ohiko eskemari eutsiko diote, telesailak estreinatuz eta eztabaidak eta aurkezpenak eginez. “Telesailak diskurtso berriak sortzen ari dira haien kultura legitimazioaren bila, eta batzuetan zinemarekin eta literaturarekin alderatzen ditu. Nolanahi ere, zalantzarik gabe finkatu dute fikzioa kontatzeko eta kontsumitzeko moduetan eragina duen joera”, azaldu du Harkaitz Millan Kultura diputatuak.
Aurreko urtetan, Crossover hiriko kultura programazioaren barruan finkatu da, eta estreinaldi garrantzitsuak eskaini dituzte. Hala nola, Succession (HBO Max), Vida Perfecta (Movistar+), Bron-Broen (AXN España) eta Laëtitia (Filmin).