Joan Mari Irigoien, egiaren eta argiaren ehizan
Bi liburu batera aurkeztea ez da ohikoa. Horietako bat berria denean, eta bestea zaharra –30 urte baino gehixeago–, are gutxiago. Eta horien idazlea Joan Mari Irigoien bada, aurkezpena “historiko” gisa izendatzeko lizentzia hartu dezake Xabier Mendigurenek.
Esklerosi anizkoitza du Irigoienek, eta ez du aurkezpenean hitz egin; besoa altxa, eta onespen keinu gutxi batzuk egiteaz harago. Bere “bitartekari gisa” aritu dira beraz, Elkarreko editore Mendiguren eta Irati Jimenez hitzaurrearen egilea.
Garrasiak eta kantuak Lanzarotetik Leirera
Poesia liburua izan da aurkeztutako lehena: Sorgin-argien ehizan (Elkar, 2022). Lanzaroteko (Kanariar Irlak, Espainiako Estatua) leku izenak dira izenburuak, baina ez dute uhartearekin, bertan idatzi izana baino harreman askoz handiagorik. Hiru ataletan banatua da liburua: Garrasia, Kantuak eta Amodio Infinituaren Nostalgia.
Lehen zatian, kritika eta poesia soziala ditu zutabe. Arestiri eta egiaren balioari gorazarre: “Hitzaren eta solidaritatearen mailua hartuta” eta “Ni ez naiz erregezalea,/ ez,/ baina biba Pepe Rei!”. Tiananmen plaza, Che Guevararen eta Lumumbaren irudiak salgai, Philipus VI. eta Ioannes Carolus I. parasitoak, martxoaren 3a Gasteizen eta “Hablame en cristiano!”. Edo beste hitz batzuekin, gerraren eta inperialismoaren arbuioa, injustizia guztien salaketa, handikien kontrako aldarria eta euskararen defentsa.
Alderdi espiritualagoak jorratzen ditu beste bi ataletan, Leiren (Nafarroa Garaia) gertatutako “argitasunezko esperientzia” bat barne: “Infinitutasunak berak bizi baitu,/ infinitutasunaren batasunak / infinitutasunaren osotasunak…”. Heriotza gertu ikusi arren, umorea ez zaio falta Irigoieni –”Hilzorian nago. Bestela, ondo”– eta liburuaren ‘Poz data’ honela sinatzen du: “Bizitza badoakit,/ eta pozeko oihu batekin/ egin nahi nioke agur: /RIP-RIP HURRA”.
‘Bibliko eta babiloniko’
Saizarbitoriak euskal eleberri modernoaren lehen lana argitaratu eta 20 urtera idatzi zuen Irigoienek Babilonia (1989, Elkar), denbora horretan “urratutako bidearen erakusle”. Honela mintzatu zen Irigoien IRUTXULOKO HITZAn 2019an egindako elkarrizketan: “Babilonia-k sekulako garrantzia izan du nire bizitzan. Nire ustez, nobela duina da, eta hori izan zen nire lehenengo satisfazioa. Nobelak, gainera, sekulako arrakasta izan zuen. 47.000 ale baino gehiago saldu dira eta Euskadi Saria jaso nuen. Horrek ere bere onurak ekarri zizkidan, inportanteena Elkar argitaletxeko jendearekin tratu bat egitera iritsi nintzela: nik haientzat idatziko nuen, bai, baina soldata on baten truke”.
Soldataz ez dute hitz egin gaurkoan. Baina esker ona izan da nagusi Jimenez, Mendiguren eta Irigoienen artean.
Jimenez arduratu da hitzaurreaz, eta zintzotasun eta miresmenez beteriko hitzak izan ditu altzatarrarentzat: “Errealitatea fantastikoa dela eta fantastikoak diren gauzak errealak direla konprenitzen duen idazlea da Joan Mari Irigoien, eta gauza miragarrien idazle magiko hori bihotzez miresten dudalako nago hemen Babiloniari buruz hitz egiten, eta bihotzez miresten dudalako kostatu zait horrenbeste Babiloniari buruz hitz egitea”. Idazlearentzat harago, pertsonarentzat izan ditu laudorioak: “Eredu humano, etiko eta literario bati buruz” hitz egin duelako Jimenezek.
“Bere burua euskaraz alfabetatzeko ahalegina egin zuen belaunaldiaren anbizioa adierazten du” Babilonia-k , Jimenezen ustez. “Tragikoa izaeraz, bokazioz erromantikoa, azken egunetako errelato apokaliptikoa, mistikoa eta iluna, baina baita ere errebelatuen iluminazio maila hori. Iragan denborak eta etorkizunekoak batzen dituen kontakizun bibliko babilonikoa”.
Maskulinitate toxikoak
Generoaz egiten duen irakurketa azpimarratu du Jimenezek. Kaxiano protagonistetako bat “queer heroi transfeminista” bat da Jimenezen ustez. Babilonia-n maiorazkoak sustatutako haurtzarotik lehiatzeko sozializatu dituzten bi gizonen desastrea kontatzen da. “Basagizonen moduan jokatzen duten gizonkeriaz zeharkaturiko gizonen harremanak” hain zuzen, “eta harreman horiek oinarri dituzten zibilizazioak nola altxatzen diren eta hondoratzen diren”. Mito babilonikoan eleaniztasuna bazen hiriaren bukaera zekarrena, hemen, “maiorazkoaren lege krudel horrek zekarren maskulinitate toxikoaren oinarrizko arazoari buruz hitz egiten da”.
Jimenezen iritziz, “gure sistema literarioan narratzaileak falta dira, gizonaren baitan, gizontasunaz dakarrenaz” hausnartzeko. Nork bere erara, Agosti Xaho, Xalbador, Aresti, Txillardegi, Amaia Lasa eta Mikel Lasak urratutako “genealogia feministan” kokatu du Babilonia-ren eta Irigoienenen ekarpena, “garaienak izan dira humanoenak, hemen ere”.
Latinoamerikako errealismo magikoaren korronte unibertsalaren etxekotzea zor diogu Irigoieni. Haur eta gazte literatura, umorea eta ororen gainetik, euskara landu eta garatu du idazle handiak. Jendaurrean ez du hitz egin gaurkoan, baina bere hitzek badute oraindik indarra: “Irudimena irudimen, / eta oroiminari darion su itzalezina su…”. Historikoa izan da gaurko aurkezpena. Azkenekoa ez izatea espero dezagun.