Donostiako Orfeoia 125. urteurrena ospatzeko gogotsu dago
Urtarrilaren 21ean 125 urte bete zituen Donostiako Orfeoiak. Azken bi urte zailak atzean utzi eta urteurrena kantuan ospatu nahi dute
Pandemiak nabarmen murriztu ditu orfeoiaren emanaldiak. Hori dela eta, datozen hilabetetan ahalik eta kontzertu gehien eman nahi dituzte. Orfeoiaren orainaz, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko, IRUTXULOKO HITZA orfeoiko bi kantari beteranorekin elkartu da: Iñigo Vivanco Larrea presidenteorde kantari zein tenorea eta Ramon Zubillaga Odriozola baritono baxuak.
“Bi urte beldurgarri pasa ditugu kultur munduan. Guk borrokan jarraitu dugu, beste garai zail batzuetan bezala”, dio Vivancok. Pandemia garaian entseguekin jarraitu dute, eta emanaldi gutxi batzuk egin dituzte. Batez ere, Urmuga jaialdian emandakoa nabarmendu dute. Aldiz, aurten, emanaldi gehiago emango dituztela aurreratu du Zubillagak: “Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian oso presente egon nahi dugu orfeoiaren urteurrenarekin”. Noski, nazioarteko agertokietan ere izango dira orfeoiko kideak.
Urteurrenaren harira, Ane Urrutikoetxea kazetari eta orfeoiko kantariak ere artikulu berezia idatzi du hedabide honentzat. Besteak beste, hauxe dio: “Donostiako Orfeoiaren 125 urteetatik azken 28ak igaro ditut etxe honetan; sei urterekin gurutzatu nituen lehen aldiz Novelty zinemaren ateak”.
Donostiako Orfeoia izango da biharko astekariko protagonista. 125. urteurrenaren harira, Zubillaga eta Vivanco kantariei egindako elkarrizketa, Ane Urrutikoetxearen artikulua eta orfeoiaren historia laburra irakurri ahal izango dira.