Gidari profesionalek 60 urterekin jubilatzeko aldarria egin dute
Elkarretaratzea egin dute ehun bat lagunek gaur Espainiako Gobernu Delegaritzaren aurrean, gidari profesionalen jubilazio adina 60 urtera jaisteko eskatuz. “Urteetako eskaera” dela adierazi dute sindikatuek, eta 2019an Espainiar Estatuan sortu den plataformarekin bat eginez, mobilizazioak egiten jarraitzea erabaki dute KURPIL, UGT, ELA eta LAB sindikatuek. Autobus gidariak eta merkantzia garraiolariak barnebiltzen ditu eskariak.
Amaran dagoen gobernu delegaritzan aurkeztu dute eskaera formala Dbuseko langile komiteko ordezkariek eta LABeko ordezkariek. Lehendik ere Espainiako Gobernuan 11.000 sinadura aurkeztu dituztela eta, “administrazioaren isiltasunagatik” haserre.
Sindikatuetako ordezkariek salatu dutenez, euren lanak hilkortasun tasa handia du, eta osasun arazo handiak dituzte: bizkarreko minak, nekea, muskulu esletikoak eta gaixotasun psikosozozialak. Salatu dutenez, ordea, inoiz ez dira gaixotasun profesional moduan onartuak izan.
Salatu dutenez, lan orduetan errepide eta inguruan “jarri beharreko arreta” azpimarratu behar da, eta “beharrezko erreflexuak istripuak ekiditeko”. Adinarekin, ordea, “erreflexu hauek galtzen” doazela argi dute: “Norbaitek pentsa dezake ze erreflexu gaitasun izan dezakeen 65 urteko pertsona batek, gainera goizeko 4:30etan jaiki denean zerbitzua ematera joateko?”.
Garraioko Sindikatu Koordinatzailearen (CST-Plataforma por la jubilación a los 60 años) partaide dira KURPIL eta LAB, baina mobilizazioan izan dira ELA eta UGT ere. Hainbat mobilizazio aurreikusi dituzte, hemendik aurrera, tartean martxoaren 26an Madrilen egingo dutena, goizeko 12:00etan.