Realak emaitza on bat behar du Europan bizirik jarraitzeko
Europa ligako final-zortzirenetara iristeko Leipzig gainditu beharko du Realak. Kanporaketako joaneko neurketa gaur jokatuko dute, Alemanian (21:00). Txuri-urdinek emaitza on bat lortzea dute helburu, itzulerako partidara aukerekin iristeko. Izan ere, Bundesligako laugarren postuan dago Leipzig, Txapeldunen liga jokatu ohi duen taldea da eta bolada onean daude. Realak ere bere aukerak baliatu nahi ditu, eta, horretarako, PSVren kontra Anoetan erakutsi zuen maila berreskuratu beharko du.
Adnan Januzajek eta Martin Zubimendik ez dute jokatuko. Lehena min hartuta dago, eta bigarrena zigortuta. Horrela ere, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak Aihen Muñoz sartu du deialdian, ligako partidan izandako arazoak gainditu dituelako. Bigarren taldeko Ander Martin ere hautatuen artean dago.
Pasa den sasoian, txuri-urdinek Europa ligako lehen fasea gainditu zuten, eta hurrengo kanporaketan Manchester United taldearekin egin zuten topo. Joanekoan astindua jaso zuen Realak Ingalaterran, eta aukerarik gabe geratu zen. Gaur eta datorren asteko ostegunean aukera dute iazkoa ahazteko, eta final-zortzirenetara iristeko.