125 urtez kantuan egindako ibilbidearen emaitza da nazioartean lortu duten ospea
Donostiako Orfeoia musika zuzendari eta orkestra esanguratsuenekin aritu da, eta ehun obra baino gehiagoko errepertorioa osatu du.
Ofizialki 1897ko urtarrilaren 21ean erregistratu zuten Donostiako Orfeoia. Dena dela, hilabete batzuk lehenago hasi ziren elkartzen eta kantatzen. 1896ko uztailaren 7an Sociedad Coral abesbatzako hogei kantarik Arrasateko Euskal Jaietan parte hartu zuten. Norberto Luzuriaga Luxu zuzendariaren gidaritzapean aritu ziren kantuan. Arrasatera ez ezik, Zumarragara ere joan ziren, eta Urretxun Gernikako Arbola abestu zuten Jose Maria Iparragirre kantariaren eskultura aurrean.
Garaiko kronikek diotenez, hogei kantari saiatu horietatik sortu zen gaur egunera arte orfeoiak mantendu duen asmoa: «euskal kantak zaindu eta zabaltzea». Lehen urteetan, oso errepertorio laburra izan zuen orfeoiak. XX. mendearen hasieran, abesbatzen lehiaketa asko egiten ziren, eta horietako askotan parte hartu zuen orfeoiak. Esaterako, 1906an Parisko Grand Prix d’Honneur saria eskuratu zuten. Hiru urte beranduago, 1909an, Secundino Esnaola maisu eta zuzendariak erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: orfeoian emakumeak sartzea. Horrela, ahots baxuko abesbatza ahots mistokoa bihurtu zen. Horri esker, errepertorioa handitu eta sinfoniko koralaren esparruan murgildu ziren.
Esnaolaren ondorengoak, Juan Gorostidi zuzendariak, Europako jaialdi garrantzitsuenetara eraman zuen orfeoia. Gainera, errepertorioa are gehiago handitu zuen zarzuelak eta operak abesten hasi zirelako. Gorostidi hil ondoren, Antxon Aiestaranek hartu zuen zuzendaritzaren ardura. Nazioarteko birak ugaritu eta mundu mailako musika zuzendari eta orkestra esanguratsuekin aritu ziren. Aiestaranek sortu zuen haurren abesbatza, eta gaur egun bere izena darama orfeoiaren musika tailerrak eta kantu eskolak.
Jose Antonio Sain Alfarok 1987an hartu zuen bere gain orfeoiaren zuzendaritza, Aiestaran zendu ondoren. Ahots gazteak sartu zituen abesbatzak, eta aurreko zuzendariek lorturiko musika maila jasoari eutsi zion. Berak sortu zituen gazteen abesbatza eta biolin zein biolontxelo ikasgelak. Gaur egun, zuzendari lanetan jarraitzen du.
125 urteotan 2.000 abeslari baino gehiago pasa dira orfeoitik, ehun obra baino gehiagoko errepertorioa osatu dute, 200 grabazio baino gehiago egin dituzte eta emanaldi asko egin dituzte. Hasierako amateur izaera mantendu badu ere, orfeoiak profesionaltasunez lan egiten jarraitzen du.