40 lagunek egin dute lo kalean Harrera Sareak deituta
Etxerik gabeko pertsonek gauero pairatzen duten egoera salatzeko, kalean lo egin dute bart Hiritarron Harrera Sareak deituta 40 bat lagunek protesta moduan. Joan den ostegunean Bulebarrean egin zuten lo 60 bat lagunek, eta gaur gauean Gipuzkoa Plazako arkupeetan egin dute protestaldia.
La Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekitzea da aldarrikapen nagusia, hiriko gizarte eragile ugarik azkenaldian egin duten moduan. Tenperatura baxuak egiten dituenetarako prestatuta dago aterpetxea, baina udalak 0 gradu inguru egiten dituenean eta izotz arriskua dagoenean soilik irekitzen du.
Joan den astean hedabide honi adierazi zioten moduan: “Jende asko dago kalean, baina ez dute aterpetxea ireki nahi. Horrek jendearen sufrimendua eragiten du, eta ezin du euren bizitzekin aurrera egin. Udalari eskatzen diogu mesedez jendea laguntzeko” zioen Halidek, protestan parte hartu zuen gazteak. Ildo beretik jo zuen Harrera Sareko Garazi Montuschik: “Espero dugu honek guztiak zerbaitetarako balio izatea, eta udalak bere jarrera aldatzea”. Gaineratu zuenez “beharrezkoa bada” halako mobilizazioak egiten jarraituko dute.
Gaur Donostiako Gipuzkoa plazan gaua igaroko dugu gauero gauero kalean lotan egoten direnekin. Aukera paregabea haiek ezagutzeko. Haien esker oneko hitzek aurrera jarraitzeko indarra ematen digute. Batek gosez diraueino… pic.twitter.com/3c1fYz1tei
— Agus (@Agus08414035) February 17, 2022