Donostiako 'belle époque'-an murgiltzeko gonbidapena
Gaizka Arangurenek eta Ilaski Serranok aurkezten duten Itxi Liburuak programak Donostiako eta Miarritzeko belle époque garaia izan ditu hizpide. Hiriaren inguruko bitxikeria ugari kontatu dituzte: Kursaal Kasinoan dirua galdu eta bere buruaz beste egiteko Urumeara saltatzen zutenak, hondartza gizon eta emakumeen artean banatzen zena –eta aberats eta pobreen artean– eta Kontxan aldagelak sartzeko idiak sartzen zituztenekoak. EiTB-ren ‘Nahieran’ dago ikusgai.
1871tik 1914. urtera arteko garaiari deitzen zaio belle époque. Hau da, Parisko Komunatik Lehen Mundu Gerrara doan aro “lasaiaz”. Lasaia, aristokrazia eta burgesiarentzat. Hain zuzen, garai horretan Miarritzera etortzen hasi ziren oporraldian Europako aristokrata eta burgesak eta Donostiara hurbildu ziren. Isabel II.ak eta Maria Cristina erreginen egonaldiek bihurtu zuten Donostia
Maria Cristina Hotela garaiaren erreferentea da. 1912an inauguratu zuen Maria Cristina Espainiako Erreginak. Langile gehienak donostiarrak ziren arren, 100 bat langile etortzen zen Madrildik. Garai horretan 15 pezeta balio zuen gau batek.
Donostian egondako pertsonaia historiko interesgarrien artean, Margaretha Geertruida Zelle Mata Hari espioi ezagunarena ekarri dute. Londres hoteleko 312. gela erabili zuen 1916an, lehenbiziko aldiz. 1917an berriz itzuli zen gela horretara, baina, handik gutxira atxilotu, eta hil egin zuten. 20ko hamarkadan, espioi asko batzartzen omen ziren Donostian, bereziki kasinoetan.
‘Le petit Paris’
Berta Etxeberria historialariak kontatzen duenez, 1863an eraberritu zen Donostia, hiriaren suntsiketatik 50 urtera, hirugarren sektorera zuzendutako zerbitzudun hiri modernoan bihurtuz. Paris da garai horretan modernitatearen ikurra, eta le petit Paris deitu zitzaion. Modernitatearen ikurrak ziren garaian ur horniketa, tranbiaren elektrifikatzea, argiak, telefonoak eta kotxeak, eta Donostia izan zen lehenetarikoa Espainiako Estatuan eraldaketa hau ematen.
Hainbestekoa da Parisekin duen lotura, hiriko eraikinetan oraindik ikus daitekeela antzekotasuna: Parisko Alejandro III.aren zubia eta Maria Cristina Zubiaren artean, Diputazioaren eraikinak Garnier Operaren eraikinarekin duena. Gipuzkoa Plazak Parc Monceaurekin eta Arte Ederren eraikinak Parisko Gaumont Palacerekin, besteak beste.
Arkitektura ikuspegitik, ez da oso baikorra izan Etxeberria. Hiriak duen paperaren inguruan eta eraikinek izan duten garapenaren inguruan kritikoa izan da. Bere ustez, “1980ko hamarkadatik hona gehiago egin da txikizio bat uztarketa bat baino”.