Reala bizirik itzuli da Leipzigetik
Helburu argi batekin joan zen Reala Leizigera (Alemania): bueltako partidarako bizirik utziko zuen emaitza bat lortzea. Helburua beteta itzuli da, baita sentipen onekin itzuli ere, partida bina bukatu bazen ere, txuri-urdinek irabazi ahal izan zutelako. Izan ere, Imanol Alguacilen taldea bi aldiz aurreratu zen markagailuan.
Neurketa hasi eta gutxira, Le Normandek egin zuen lehenengo gola. Bederatzigarren minutuan, Diego Ricok ezkerretik erdiratu zuen, Sorlothek orraztu egin zuen eta Le Normandek eroso errematatu zuen, 0-1-ekoa jartzeko. Etxekoak, aldiz, suspertu egin ziren, eta jokoaren nagusitasuna izaten hasi ziren, baita Ryanen areara hurbiltzen ere. Horrela, Leipzigen gizonik arriskutsuenak, 1-1-ekoa egin zuen 30. minutuan, Angeliñoren erdiraketa bat aise errematatuta; bakarrik zegoen area barruan.
Bigarren zatian, Realak aurrerapauso bat eman zuen, eta jokoa orekatu zuen; alde batetik zein bestetik hel zitekeen berdinketa hautsiko zuen gola. Ordea, txuri-urdinen aldetik iritsi zen, Oiartzabalek penaltiz jarri baitzuen 1-2-koa. Portuk ia-ia gola sartu zuen kornerrean izan zen penaltia, Leipzigeko jokalari batek eskuarekin ukitu baitzuen baloia, Portu zegoen tokira heldu aurretik. 62. minutua zen, eta Realak ordu erdi zuen aurretik, markagailuari eusteko.
Ordea, partidaren azken txanpan, 80. minutuan, epaileak Realaren aurkako penaltia adierazi zuen, Zalduak Szoboszlai lurrera bota zuela interpretatuta. Ordea, errepikapenak ikusita, ez dirudi Zalduak Szoboszlai ukitu ere egiten duenik; Çakir epailea ez zen VAR-a begiratzera ere joan. Forsbergek jaurti zuen penaltia, eta binakoa egin zuen.
Hortik aurrera, ezer gutxi gertatu zen neurketan. Asier Illarramendi eta Ander Martin zelairatu zituen Alguacilek: lehenengoaren itzulera izan zen, eta bigarrenaren debuta.
Bueltako neurketan erabakiko du zeinek jarraituko duen Europa ligan. Ostegunean, hilaren 24an, izango da, Anoetan (18:45).