"Transmisioa aitzakia bat da memoriaz hitz egiteko"
Eider Perez Martinez (Pasaia, Gipuzkoa, 1995) idazlea, bertsozalea eta aurkezlea izateaz gain, feminismoak eta euskarak duten harremanaren gainean hausnartzen dabil. 2021ean Pasaian egindako saioa oinarri, berak gidatuko du Bagera elkarteak emakumeentzako antolatutako tailerra. Otsailaren 25ean eta 26an, San Telmo Museoan: ‘Euskara eta feminismoa: Zer lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan?’.
Pasaian egin zenuten lehen aldiz.
Edurne Epeldek abiatu zuen Pasaian, 2020ko udazkenean. Tailer bat egin zuen euskara eta feminismoa batzen zituena, abesti eta musika bidez bi alor horiek uztartzeko. Oso ondo joan zen, jende askok parte hartu zuen, eta konturatu ziren jendeak asko zuela esateko, eta bizipenak jaso gabe geratu zirela. Euskara eta feminismoa nondik gurutzatzen ziren eztabaidatzeko gogoa zegoen, non ukitzen zituen parte hartzen zuten emakumeak.
2021eko udaberrian beste tailer bat egin zen, eta ni dinamizatzaile moduan izan nintzen. Pasaian izandako errealitatearen argazkia egiteko erabili genuen: nor egon da lanean, nor hizkuntzaren transmisioan.
Zein da feminismoaren eta euskararen arteko lotura hori?
Lotura hau ikertu askok dute dagoeneko: Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Mari Luz Esteban eta beste hainbat izen, maila teorikoan lantzen aritu direnak. Baina gero praktikara eramatean, zer gertatzen da herri bakoitzean? Hori ez da ikertu.
Transmisioa zergatik da garrantzitsua ikuspegi feministatik?
Jardunaldiak ardazten dituen galderetako bat da nor arduratu den transmisioaz. Transmisioa aitzakia bat da, memoriari buruz hitz egiteko. Zer ibilbide egin den, atzera begirako bat, hausnarketa bat da funtsean transmisioaren ideia.
Hizkuntza, eta kasu honetan euskara, feminizatua dago argi eta garbi. Feminismoak eta euskarak berak badituztelako ezaugarri femeninotzat jotzen ditugun horiek: bazterrekoa izatea, ahulagoa izatea, etxekoa… ikerketa mordoa dago honi buruz baina ez gara kontziente errealitate horretaz.
Eta Donostian zer espero duzue?
Donostian euskararen alde lanean aritu diren emakumeak bilatu ditut, eta gutxi horiek andereñoak dira: Elbira Zipitria, Kontxita Beitia… Badirudi bi horiek betetzen dutela kupoa. Zer gertatzen da herri mugimenduetan. Nor dago hor? Zer gertatzen da mugimendu feministan? Nor ari da euskaraz? Jendearen ahotsetara amuak bota, eta tailerrean parte hartzen dutenengandik jaso errealitatearen zati ezkutatu bat. Nik nahiko nukeena da tailerraren bukaeran zerrenda edo diagnosi bat ateratzea, jakiteko zer lan egin den, nortzuk ibili diren lan horretan, eta, beraz, nor aitortu behar den.
“Emakumeena da ama hizkuntza eta gizonena hitza”, diozue aurkezpenean.
Trikua esnatu liburutik ateratakoa da hori, eta nahiz eta esan ez dela horrela, oso barneratuta daukagu. Emakumeak berritsuak eta gizonak hitz jatorrekoak.
Horregatik da tailerra emakumeentzat. Hitz egiteko espazio bat behar dugulako, zer esana daukatenekin, berritsu deitu zaien horiekin, ez berriketa aspertu bat egiteko, baizik eta teorizatzeko eta esperientziak partekatzeko. Helburua da hori analizatzea, zergatik ditugun barneratuak ideia horiek, eta buelta bat ematen saiatzea.
Eta bestetik, mugimendu feministak zer ekarpen egin diezaiokeen mugimendu feminista horri. Eta alderantziz, euskalgintzak zer ekarpen egin diezazkiokeen feminismoari. Jada ikertzen ari diren ideia hauek hartu nahi ditut nik, eta lurrera ekarri: teoriek hau diote; orain, nola ekar dezakegu hau lurrera, Donostiara.
Teorialariek ere hala diote, eta nik ere hala uste dut, ezin zara feminista izan eta euskara ez aldarrikatu. Bazterreko mugimendu guztiak batu egin behar dira hegemoniaren aurka, eta ezin da ulertu ekologismoa, feminismoa, hizkuntza gutxituen borroka batera ez joatea. Gatazka bat dago hor, diglosia egoera batean gaudelako, eta Donostia euskalduna den arren, erdaldun ugari dagoelako, askotan bat ez doazen une asko daudelako baita ere.
Lurrera ekartzea zer da?
Erreferentziazko izen eta abizenak ekartzea, ez bakarrik bi. Auzo edo elkarte honetan nor ari den lanean, emakumez osatuta dagoen elkarte bat bada, aitortza hori egitea. Eta honela, teoria adibideen bitartez ekartzea. Pasaian egindako saioan galizieraren gaia jarri zen mahai gainean: zer gertatu zen gure aiton-amonak etorri zirenean? Euren hizkuntza eten zen, baina oinordekoek euskara jaso genuen. Eten bat beste eten baten truk. Horren kontzientzia nork dauka? Ziurrenik, emakumeek gehiago.
Memoria ariketa bat da hau. Nahi eta nahiez etxeko transmisioarekin ere topatzen gara. Euskal Herrian zer gertatu den eta Donostian zer gertatu den. Etxekoa aterako da, baina horrez gain, elkarteetakoa eta abar aterako da. Rola, zaintza, intersekzionalitatea, naturalizatzea eta gisako gai teorikoak mahai gainean jarri eta zer ekarpen egiten du.
Helburua ez da topikoetan gelditzea: euskara elkarteetan batez ere emakumeak daude. Bale, hori badakigu, baina zein emakume daude, zergatik daude, hori aldatzeko zer egin eta zer aldatu nahi dugu? Horrekin zer egingo dugu?
Norentzat da?
Normalean horrelako ekimenetara emakume heldu gehiago etorri ohi dira, agian esperientziatik hitz egin nahi dutelako. Baina orain zer gertatzen ari den interesatzen zait baita ere. Badirudi interesgarria den oro pasa dela jada, borroka guztiak pasa direla, epika guztia pasa dela, baita feminismoaren eta euskararen alorrean, eta datorren guztia apokaliptikoa dela. Orainari begiratu behar diogu, zer dagoen benetan, eta zer egin daitekeen edo zer egin nahi dugun.
Bere esperientziatik hitz egitera animatu nahi duen oro etor dadila, goxoa eta lasaia den giro bat sortuko dugu horretarako. Material oso baliagarria atera dezakegu horretatik.
Pasaiakoan kontatzeko asko zegoen.
Pasaian badago bilduma bat herriko gaiak lantzen dituena, arkitekturaz, migrazioaz eta beste hainbat gaiei buruz, baina ordainik ez dago liburu bat Pasaiako hizkuntza zein emakume mugimenduei buruz. Juntatu ginenean gauza mordoa atera ziren. Pena eta amorrua ematen dit elkartu ginen hamar lagunen artean geratzea informazio interesgarri hori guztia, jende askok ikusten ez duen lan bat dagoelako hor. Hizkuntza eta generoa menperatuak izateko bi faktore inportante dira, baina aldarrikatzeko eta menderakuntzari aurre egiteko bi indar oso inportante dira ere bai. Hor lanean ari den jendeak merezi du espazio eta aitortza kolektibo eta sozial bat.