"Urtetako lanari jarraipena emango dioten gazteak behar ditugu"
Urtarrilaren 21ean 125 urte bete zituen Donostiako Orfeoiak. Azken bi urte zailak atzean utzi eta urteurrena kantuan ospatu nahi dute. Izan ere, pandemiak nabarmen murriztu ditu orfeoiaren emanaldiak. Hori dela eta, datozen hilabetetan ahalik eta kontzertu gehien emateko gogotsu daudela aitortu dute Iñigo Vivanco Larrea presidenteorde kantari zein tenoreak eta Ramon Zubillaga Odriozola baritono baxuak.
125 urteren ondoren, zein da Donostiako Orfeoiaren osasuna?
Iñigo Vivanco (I.V.): Osasun onean dagoela esango nuke. Bi urte beldurgarri pasa ditugu kultur munduan. Agertoki gehienak itxi dira, eta ez da musika emanaldirik izan. Guk borrokan jarraitu dugu, beste garai zail batzuetan bezala. Uste dut orfeoiak bizi duen bigarren pandemia dela. Gripearena ere pasa behar izan zuen, ahaztu gabe 1936ko gerra eta gerraostea. COVID-19ak eragindako pandemia gora behera, kantatzen jarraitu dugu. Batzuk entseatzera etorri gara, baina ez denak. Baldintza bereiziei aurre egin behar izan diegu. Batez ere, maskarekin eta distantziekin kantatu behar izan dugu. Bailara eta mendietan emanaldiak egin ditugu abesten jarraitzeko. Horrek indarra eman digu egoerak hobera egin ahala. Entseguetara gogotsuago etorri gara, eta gero eta jende gehiago batu da.
Oraindik kultur programazioa suspertzen ari da, baina espero dugu epe motzean %100ean aritu ahal izatea. Gainera, 125. urteurrenarekin bat egin du egoera honek, eta seguru nago baliagarria izango dela beste bultzada bat emateko orfeoiari.
Ramon Zubillaga (R.Z.): Badirudi pixkanaka berpizten ari direla musika emanaldiak. Iazko abenduan Parisen izan ginen, eta laster hara itzuliko gara. Urtarrilean, berriz, Madrilen kantatu genuen, eta martxoan berriz arituko gara. Bestalde, Iñigok aipatu moduan, mendi eta bailaretan emanaldiak egin ditugu Urmuga egitasmoaren barruan. Horri esker sua ez da itzali, eta hemen gaude.
Nola ospatuko duzue urteurrena?
I.V.: Konplexua da bizi dugun egoera. Urteurrena murrizketekin abiatu dugu, seigarren olatu batekin. Asko mugitu gara kontzertuak lortzeko, eta orain arte sekula gertatu ez zaigun zerbait da. Zorionez, telefono deiak jasotzen hasi gara, eta ikusiko dugu urte bukaera bitarte noraino iristen garen.
R.Z.: Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian oso presente egon nahi dugu orfeoiaren urteurrenarekin.
I.V.: Mahai gainean proiektu asko ditugu urteurrena ospatzeko. Tolosa, Arrasate eta Errenteriako musika bandekin herri mailako kontzertuak egingo ditugu. Euskadiko Orkestra sinfonikoarekin bi bira egingo ditugu, Musika Hamabostaldian parte hartuko dugu, eta Ipar Euskal Herrian hainbat emanaldi egingo ditugu. Adibidez, Donibane Lohizuneko Ravel jaialdi berrian parte hartuko dugu. Baigorriko gaiteroekin ere elkarlanean hasi gara, eta martxoaren 20an Baigorriko elizan ariko gara errepertorio klasikoarekin eta euskaraz. Beste proiektu batzuk ere zehazteko ditugu. Anoeta estadioan emanaldi bat egiteko aukera dago, eta dei pare bat jaso ditugu Sevillako Maestranza antzokian eta Kanaria uharteetan kantatzeko.
Azken bi urteak nolakoak izan dira Donostiako Orfeoiarentzat?
I.V.: Pandemia garaian saiatu gara etxe barruan normaltasuna mantentzen. Noski, ez da posible izan erabateko normaltasuna lortzea.
R.Z.: Gainera, orfeoiaren egitura aldi baterako erregulazio egoeran dago, eta ez da erraza izaten ari.
I.V.: Jende askok gaizki pasa du. Sufritu dugu, batzuk gaixotu direlako eta denbora batez agertu gabe egon direlako. Lehenago esan bezala, normaltasuna behar dugu kultur munduan. Emanaldiak behar ditugu. Pentsa, 2020ko martxoan deklaratu zen pandemia, eta maiatzean gure historiako bira garrantzitsuenetako bat abiatu behar genuen. Daniel Harding zuzendariarekin eta Gustav Mahler Jugendorchester orkestrarekin Alemania, Herbehereak eta Luxenburgo bisitatu behar genituen. Azken unera arte sarrerak salgai egon ziren, baina bertan behera geratu zen.
Gaur egun, zenbat kide ditu Donostiako Orfeoiak?
I.V.: 240 pertsona ditugu zerrendan. Normalean kantuan aritzen direnak, berriz, 150 inguru dira. Beste 100 pertsona daude, ikasleak direnak, guraso berriak, ikasketak bukatzera kanpora joan direnak… Horrek ez du esan nahi orfeoia utzi dutenik. Posible dutenean, gurekin harremanetan jartzen dira kantatzeko prest daudela adierazteko. Adibidez, Madrilera joan eta han bizi diren orfeoiko kideek parte hartu izan dute emanaldietan. Berlin eta Vienara joan izan garenetan ere, han lan egiten dutenek bat egin dute gurekin.
Horietatik zenbat dira emakumezkoak eta gizonezkoak?
I.V.: Kopuru zehatza ez dakit, baina antzekoa da. Hori bai, azken urtetan emakume gehiago izan ditugu gizonak baino. Orain mutil asko ari dira sartzen. Oinarritik mutilak erakarri nahi izan ditugu, emakumeak errazago animatzen direlako orfeoiarekin abestera. Gu bezalako beteranoen helburua da orfeoira sartzen direnekin giro ona sortzea eta elkarrekin kantuan ondo pasatzea.
R.Z.: Oso gazteak izaten dira datozen batzuk, neska eta mutil koskorrak. Hamabost eta hamasei urtekoak dira. Orfeoi handiarekin abesten hasten direnean lekua egiten diegu eroso sentitu daitezen.
Orfeoian abesten dutenen adin tartea, berriz, zein da?
I.V.: Gazteenak 14 urtekoak dira. Neska-mutil baten ahotsa aldatzen den momentutik, eta gogoarekin zein ilusioarekin badago, nagusien orfeoian kantatu dezake. Horrek ez du esan nahi lanean jarraitzen ez dutenik orfeoi txikian eta gazteen orfeoian.
R.Z.: Aldiz, beteranoenak 70 urtetik gorakoak dira. Uste dut Elena Montejo eta Marilen Lizarraga direla beteranoenak. Emakumeen ahotsak normalean mantentzen dira adinarekin. Gizonetan zailagoa da, baina badaude salbuespenak. Esaterako, Iñaki Goñik 85 urterekin utzi zuen orfeoia, baina ez kantatzeko ahotsik ez zuelako. Bestelako arazoak zituen. Ahots baxuak hobeto mantentzen dira urteek aurrera egin ahala.
Orfeoiak dio bere ibilbideak lau aldi dituela, zuzendari bakoitzeko bat: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Aiestaran eta Jose Antonio Sainz Alfaro. Gaur egun, Sainz Alfarok jarraitzen du zuzendari gisa. Pandemia dela eta, bosgarren aldi batean sartu da orfeoia?
I.V.: Polita litzateke bosgarren aldi batean gaudela esatea, zalantzarik gabe.
R.Z.: Egia esan, pandemiak gure ibilbidea zatitu du momentu zail batean harrapatu duelako orfeoia.
I.V.: Zaila da galdera honi erantzutea. Ez nuke nahi gaizki interpretatzea esango dudana. Baliteke, bosgarren aldi baten hasieran egotea, bai. Baina ez zuzendariengatik. Uste dut zerbait hazten ari dela orfeoiaren barruan. Zalantzarik gabe, lau zuzendariak nabarmentzekoak dira. Gaur egun zuzendari lanetan jarraitzen du Sainz Alfarok.
R.Z.: 125 urtean lau zuzendari izateak argi erakusten du asko irauten dutela. Benetan gustuko dutelako irauten dutela iruditzen zait.
I.V.: Esan bezala, une berezi batean gaude. Gazte jende asko dago, eta sekulako prestakuntza dute. Ikaragarria da zer nolako mailarekin etortzen diren hona.
R.Z.: Hori asko nabaritu dugu. Gu orfeoian kantatzen hasi ginenean, formakuntza askorik ez genuen, baina ikasteko gogo eta ilusio ikaragarria genuen. Orain, gazteek txikitatik dute lotura musikarekin, partiturekin eta kantagintzarekin. Duten oinarri musikala izugarria da. Melodiak berehala harrapatzen dituzte.
I.V.: Musika irakurtzeko sekulako erraztasuna dute. Ni gaztea nintzenean partiturak goilararekin sartzen zizkiguten, ondo ikasi arte. Ondoren, kantaera lantzen genuen. Gaur egun, ordea, gazteak kontserbatorio batetik edo kantu eskola batetik pasatzen dira. Orain topa dezakezu 22 urteko gazte bat sekulako ahotsarekin eta prestakuntzarekin. Musika ulertzeko beste maila bat dute egungo gazteek. Hain zuzen ere, bosgarren aldiaren parte dira orfeoia gaztetzen ari direnak.
R.Z.: Orain, gure erronka da gazte horiek orfeoian geratzea.
I.V.: Maila altu bat eman behar diezu gurekin geratzeko, bestela abesbatza profesionaletara joango dira. Eta talentu gaztea nola mantendu gure artean? Bada, profesional gisara arituz. Gainera, profesionalak ditugu gure artean. Hona datoz orfeoia gustuko dutelako, eta orfeoiak berak duen ospearengatik. Gai dira zarzuela eta opera garrantzitsu batean parte hartzeko, eta maila berean orfeoiarekin kantatzeko.
R.Z.: Amateur maila mantentzea gero eta zailagoa izango da, baina gakoa iruditzen zait transmititzen diegun ilusioa dela. Guk ematen dieguna gure aurrekoengatik jasotako testigantza da. Zuzendari esanguratsuekin abestu dugula kontatzen diegu, eta munduko agertoki garrantzitsuenetan aritu garela.
I.V.: Garrantzitsua da ospea eta amateur izaera mantentzea.
Atzera begira jarrita, noiz hasi zineten orfeoian, eta bizitakotik zer nabarmenduko zenukete?
R.Z.: 1984an hasi nintzen orfeoian. Gauza on asko bizi ahal izan ditut orain arte. Esaterako, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin egindako emanaldiak nabarmenduko nituzke. Bestalde, orfeoiari esker munduko antzoki esanguratsuetan kantatzeko zortea izan dut, eta, gainera, zuzendari esanguratsuekin. Besteak beste, ondorengo zuzendariak aipatuko nituzke: Abaddo, Maazel, Metha, Muti, Rattle eta Lopez Cobos.
I.V.: Orfeoiarekin izan nuen lehen harremana 15 urterekin izan zen, 1977an. Groseko San Ignazio koroan abesten nuen, eta maisua Aita Garaioa zen, orfeoiko tenorea. Tarteka hainbat korista hautatzen zituen, eta horietako batean orfeoira gonbidatu ninduen. Izan nuen esperientzia laburra izan zen. Nire kideek abesten jarraitu zuten, eta orfeoian sartzeko esaten zidaten. Azkenean, 1997an sartu nintzen. Tolosako Leidor antzokian orfeoiko zuzendariarekin topo egin nuen, eta esan zidan kafe bat hartzeko. Orfeoira itzultzeko esan zidan. Nire lehen kontzertua Sevillako Maestranza antzokian izan zen. Ezin nuen sinetsi. Salzburgoko jaialdian ere izan nintzen opera bat abesten. Ikaragarria izan zen. Luzernako jaialdia ere aipatuko nuke. Horrez gain, eta gurera etorrita bi esperientzia aipatuko nituzke. Batetik, ederra izan zen Xabier Lizardiren bertsoak abestea. Lur Kantak obra asko estimatzen dut. Bestetik, hunkigarria izan zen Mikel Laboarekin egin genuen grabazioa. Baga Biga Higa abesten ari nintzela negarrez hasi nintzen. Laboa txikitatik maite izan dudan euskal musikaria da, eta haren alboan kantuan aritzea ahaztezina izan zen niretzat.
Orfeoiko kide izateak zer nolako garrantzia du zuentzat?
R.Z.: Niretzako ohorea da orfeoiko kidea izatea. Oso gustuko dut hona etortzea entseguetara eta kantatzea. Dena dela, benetan gustuko dudana da Donostiako Orfeoiarekin leku batera eta bestera joatea abestera. Donostiaren izena eramaten dugu goazen tokira, eta hori niretzat ederra da. Nire hiriaren ordezkari sentitzen naiz.
I.V.: Ramonen iritzi berekoa naiz. Bizitzeko modu bat dela esango nuke. Esfortzu eta lan handikoa da, baina asko merezi du. Batzuetan galdetzen didate orfeoian zenbat urte daramatzadan, eta esatean 25 bat urte direla, gehiegi iruditzen zaie. Niretzat gutxi dira 125 urteko historiarekin alderatzen baduzu. Urtean 200 egun dedikatzen dizkiot orfeoiari. Gainera, ordu asko pasatzen ditut partiturak ikasten eta ahotsaren kalitatea hobetzen. Esan bezala, asko merezi du. Batez ere, antzoki batera joaten zarenean eta publikoaren berotasuna jasotzen duzunean.
R.Z.: Musikak duen esentzia hori da. Kontzertuetan publikoak ematen digun berotasuna ezinbestekoa da. Orfeoiaren eta publikoaren arteko harremana oso garrantzitsua da guk abesten jarraitzeko. Indarra ematen dizu mantentzeko eta jarraitzeko. Orfeoia talde bat da. Bakarlariak eta abeslari oso onak etorri arren, denok bat gara. Ni ez naiz inor alboan gainerako abeslariak ez baditut. Kolektibotasun horrek sekulako indarra ematen digu.
2022ari zer eskatzen diozue?
R.Z.: Normaltasuna. Horrek esan nahi du kontzertuak berpizten ari direla, atzean utzi ditugula pandemia eta bere ondorioak. Nolabait normaltasun hori behar dugu. Aurrekontuetan kultura beti azken tokian dago, eta ea horri ere erreparatzen dioten agintariek.
I.V: Gustatuko litzaidake 2022a, urteurrenaren urtea, erakusleiho izatea Donostiako Orfeoiarentzat. Izan ere, abeslari gazteak erakarri nahi ditugu gure artera. Urtetako lanari jarraipena emango dioten gazteak behar ditugu, orfeoiaren etorkizuna bermatzeko.