Zurriolako haurrek kaldereroak ospatu dituzte Groseko kaleetan
Kaldereroak ospatu ala ez, azken ordu arte ez da jakin donostiar askorentzat urteko jairik politena dena ospatuko ote zen. Zurriola Ikastolako haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako haurrek ospatu dituzte gaur, eta ikusmira sortu dute guraso eta auzotarren artean. 15:00etan abiatu dira Groseko ikastolatik eta auzoan buelta bat eman ostean Txofre plazan amaitu dute.
Dani Goñi ikastolako irakasle eta guraso ohiak kontatu duenez, Zurriola izan zen lehen eskola haurrekin ateratzen, “lehen soilik helduak ateratzen ziren”. Hainbat irakasle kalderero zaleak zirenez taldea ateratzea proposatu zuten. Arazo baten aurrean topatu ziren ordea, “kanta guztiak gazteleraz ziren” eta euskara sustatzen ari ziren garai horretan “bereziki garrantzitsua zen” haurrek euskarako erreferentziak egitea.
Patxi Apalategi Ikastolako gurasoak euskaratu zituen kantak, eta honela hasi ziren zabaltzen gainontzeko eskola eta konpainietara. Elkar argitaletxeari grabatzeko proposamena egin zieten “eta orduan grabatu genuena da euskaraz dagoen bakarra”.
Goñik pozik gogoratzen du Gipuzkoako beste herrietatik datozen irakasleak harritu egiten direla kaldereroak gazteleraz entzuten dituztenean: “Haien herrian soilik euskaraz abesten dira eta!”. Gogoetarekin jarraituz, “genero aldetik berrikusteko garaia ere” badela uste du Goñik, “tradizioa eguneratu behar delako”.
Grosen haur, guraso eta irakasleek abestu dituzte kalerik kale kaldererotako kantak. Koronabirusaren kontrako neurriak direla eta, banatuta joan behar izan dira, eta txikienak Txofre plazara joan dira, azken kanta eta dantzak egitera. Zorte txarra bertan geratu direnentzat, euriak harrapatu baititu amaiera aldean.
Korrika bukatu dira beraz dantza eta kanta guztiak, eta Txofreko arkupetan elkartu dira haurrak gurasoekin. Eguraldia ez dute lagun izan, baina umore ona nabari da giroan. Kaldereroak iritsi dira, eta iragarri dute jada inauterien etorrera.