Ancorak salatu du udalak jada sinatu duela Aldamar kaleko eraikinaren eraisketa
Ancora elkarteak hedabide honi bidalitako oharrean salatzen duenez, “joan den asteazkenean” sinatu zuen udaleko hirigintza zinegotziak Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina eraisteko “Viviendas Lanin S.L. sustatzaileak eskatutako lizentzia”. Joan den asteartean Eneko Goia alkateak esan zuen “oraindik” ez zegoela erabakirik hartuta.
Ancora harremanetan jarri da Aldamar 1 eraistea sustatzen duen Donostiako Viviendas Lanin SL enpresarekin eta orube horretan eraikuntza berria egiteko proiektua idatzi duen arkitektoarekin. Arkitektoak azaldu dienez “teknikoki posible da harrizko fatxadak kontserbatzea, baina 50 m2 inguruko eraikuntza aprobetxamendua murriztea ekarriko luke, eta jabeak ez daude hori bere gain hartzeko prest”. Salatu dutenez, Aldamar 1 eraikinaren “desagertzearen arrazoia, diruzko arrazoi hutsetan oinarritzen da”.
XIX. mendeko eraikina babestu nahian
Ancorak azarotik darama “eraikin historikoa” botatzekoak direla salatzen, bertan eraikin altuago bat eraikitzeko. Azaldu dutenez, Viviendas Lanin SL enpresak hormigoizko eraikin bat egin nahi du hor, gaur egungoak baino hiru solairu gehiago eta lur azpian hamabi aparkaleku plaza izango dituena. Eraikina “arriskuan” dagoela dio Ancorak, eta, horregatik, sinadura bilketa bat abiatu zuen orain bi aste, eraikina babestu dezatela eskatzeko. 700 sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko.
Elkartearen ustez, “Parte Zaharreko bizilagunak ere haserre agertu dira biztanleak lekuz aldatzearekin eta tokiko negozioak ixtearekin lotzen den espekulazio maniobra horren aurrean, eta areagotu egin dute gentrifikazio prozesua eta auzoak pairatzen duen nortasun galera”. Onartu dutenez, ordea, “Aldamar 1en babes falta justifikatzea zaila da, seguruenik katalogotik kanpo utzi nahi izan den XIX. mendeko harrizko eraikin bakarra” delako.
Ancorak azaldu du lursaila Domingo Ezeizak, Ramon Mujikak, Antonio Zubillagak eta Francisco Etxeberriak erosi zutela 1888an, itsasoari berriki irabazitako eremua zenean. Horregatik, hain justu, nabarmendu dute Aldamar kaleko eraikin zaharrenetariko bat dela, eraiki zutenean Zurriolako harresiaren ondoan baitzegoen; harresia geroago bota zuten.