Easoko trenbidearen eremua antolatzeko hasierako proposamena aurkeztu du udalak
Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari helarazi dio Easoko trenbidearen eremua eta ingurua antolatzeko egin duen hasierako proposamena. HozFontan arkitektoen estudioak idatzi du proposamena. 36.350 metro koadroko antolaketa eremua zehazten du, eta etxebizitzak –450 eta 500 berri– zein ekipamendurako zazpi eraikin aurreikusten ditu.
Easoko hondartza izenez ezaguna den eremua Eusko Jaurlaritzarena da. Zehazki, 28.000 metro koadro inguru. Eremu horren behin betiko antolaketa udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) duten batzorde mistoan negoziatuko dute. Adosturikoa Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean sartuko dute. Ondoren, udalak partaidetza prozesu bat egingo du herritarren iritzia jasotzeko. Aldiz, lanak ez dituzte metroaren igarobidea bukatu arte. ETSk 2024rako aurreikusten du lanekin bukatzea.
Eneko Goia alkateak, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta Pablo de la Hoz arkitektoak eman dituzte proposamenaren xehetasunak. Goiak adierazi du metroaren igarobideak aukera emango duela “hiri garraio sistema hobetzeko” eta egungo trenbidearen eremua “erdigune berri batean” bihurtzeko. Era berean, Amaran trenbidea lur azpian sartzeak aukera berriak emango dituela nabarmendu du: “Eremua ondo landu behar dugu, izan ere, hiria garatzen jarraitzeko aukera emango du hirigintza modernoaren irizpideak jarraituz: eremu jasangarria lortuz, etxebizitzak eta ekipamendurako eraikinak uztartuz, eta oinezkoen zein bizikleten eta ibilgailuen trafikoa hobetuz”.
Hasierako proposamena udaleko gainerako udal taldeekin eta eremuan bizi diren herritarrekin landuko dutela esan du Arzallusek. “Ez da proposamen itxi bat. Ekarpenak jasotzeko gaude”, gaineratu du Hirigintza zinegotziak. Hain zuzen ere, partaidetza prozesu bat egingo dutela nabarmendu dute Goiak eta Arzallusek.
Arabako parkea
Hasierako proposamenak Arabako parkea handitzea aurreikusten du. Horretarako trafiko fluxu berriak ezarriko dira, parkea egoteko gune atsegina izateko eta Erdialdea, Amara eta Morlans auzoen arteko lotura hobetzeko. Horrez gain, Errondoko pasealekuan 10-12 metroko zabalerako espaloia jartzea aurreikusten dute.