Lur Olaizolaren film berria Parisko 'Cinéma du réel' jaialdian estreinatuko da
ETAko buruzagi ohi Yoyes-en egunerokoan oinarritutako dokumentala da.
Lur Olaizola zinema zuzendari donostiarraren Hirugarren koadernoa filma Parisen estreinatuko da martxoan. ETAko buruzagi ohi Yoyes-en egunerokoan oinarritutako dokumentala da, eta hain zuzen, zinema dokumentalean espezializatutako Cinéma du réel jaialdian izango da ikusgai.
Filma, Yoyes-en egunerokoan oinarritzen den gidoi zinematografiko baten entsegua da, Ana Torrent aktorearen eta Olaizola beraren artekoa.
Maria Dolores Gonzalez Katarain Yoyes Ordizian jaio zen 1954an. 1970eko hamarkadaren hasieran ETAn sartu zen, eta 1973. urtearen amaieran Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen. 1979an erakundea utzi ondoren Mexikora joan zen eta bertan soziologia karrera egin zuen. 1985ean Euskal Herrira itzuli zen 1977ko amnistia dekretuari helduta. ETAk 1986ean hil zuen bere jaioterrian, Euskal Herriaren traidoretzat jo zuen.
Yoyes 1979an hasi zen bere egunerokoa idazten, eta azken egunetara arte luzatu zen. Bertan, “bere eguneroko bizitza agerian uzten du, eta, aldi berean, bere jakin mina pizten duen guztiari buruz hausnartzen du, betiere emakumeen ikuspegitik, gizarte honek emakumeari ezartzen dizkion mugen aurrean errebeldea den aldetik”.
2019an Xulia-rekin debuta egin zuen Lur Olaizolak (Donostia, 1988) eta jarraian, Zerua blu laburrarekin (2020) Bilboko Zinebi jaialdian saritu zuten. 2015etik Tabakalerako ikus-entzunezkoen alorra koordinatzen du, Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da, eta Iruñeko Punto de Vista jaialdiko hautaketa batzordeko kidea da ere.