Santa Klara irlako eta Ondarretako tabernek kudeatzaileak behar dituzte
Hondartzetako hainbat zerbitzu kontratatzeko espedientea onartu du Donostiako Udalak. Horietako bi dira Santa Klara irlako eta Ondarretako tabernen kudeaketa. Lehiaketa publiko bidez adjudikatzen dira bi zerbitzuak.
Ondarretako hondartzaren ekialdean jarriko den tabernaren ustiapen zerbitzua datozen bi hondartza denboraldietarako izango da. Bakoitzeko gutxieneko kanona 35.937 eurokoa da. Aldiz, Santa Klara uharteko ontziraleku ondoan dagoen tabernaren kudeaketa datozen hiru hondartza denboraldietarako izango da. Gutxieneko kanona 18.815 eurokoa da.
Bestalde, badira hiriko hondartzetan eskaintzen diren beste hainbat zerbitzu. Esaterako, hondartza denboraldiko abonatuen arreta eta eguzkitako zein aulkien eguneko alokairuaren zerbitzua. Kontratazio horren aurrekontua 342.549 eurokoa da eta lau urteko iraupena du. Azkenik, Ondarreta, Kontxa eta Zurriola hondartzetan lau zaintza dorre eta botikin etxola bat jarriko dituzte. Zerbitzu horretarako 92.600 euro bideratu ditu udalak, eta kontratuaren epea zortzi astekoa da.