Donostiar bakoitzak 36,2 kilo beira birziklatu zituen 2021ean
Beira botatzeko edukiontzi bat, Añorgan. (Argazkia: Añorga Bizirik) Ecovidrio birziklapen arloko enpresak argitaratutako txosten baten arabera, Donostia izan zen 2021ean beira gehien birziklatu zuen Espainiako Estatuko probintzia hiriburua. Izan ere, Ecovidrioren datuen arabera, donostiar bakoitzak, batez beste, 36,2 kilo beira birziklatu zituen iaz.
Orokorrean, onak dira Hego Euskal Herriko hiriburuetako datuak, zerrendako lehenengo bost postuetan baitaude lau hiriburuak. Hain zuzen ere, lehenengo postuan Donostia dago, bigarrenean Iruñea (Nafarroa, 27,33 kilo batez beste biztanleko), hirugarrenean Bilbo (Bizkaia, 24,27 kilo), laugarrenean Girona (Herrialde Katalanak, 22,96 kilo) eta bosgarrenean Gasteiz (Araba, 22,85 kilo).
Estatuko autonomia erkidegoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) gehien birziklatzen dutenetan bigarrena da, batez beste, biztanle bakoitzak 28,2 kilo beira birziklatzen baititu. Zerrendako lehenengoa Balearrak dira (36,5 kilo) eta Nafarroa laugarren postuan dago (26,1 kilo).

