Ekialdeko Barrutiak lantalde bat sortu du askotariko gaiak lantzeko
Ekialdeko Barrutiaren egungo egoitza Altzan dago. (Argazkia: Beñat Parra) Gizarte gaiak, kultura, hezkuntza, ingurumena eta osasuna, euskara eta gazteei zein adinekoei buruzko gaiak jorratzeko lantaldea sortu du Ekialdeko Barrutiaren batzarrak. Hilaren 15ean egin zuten bilera, eta orduan onartu zuten aipaturiko lantaldea abian jartzea.
Era berean, batzarkideek Donostiako Udaleko Idazkaritzak egindako eskuordetzei buruzko txostenaren ondorioen gainean hitz egin zuten, eta hainbat eskumen eskuordetzeko aukerak aztertzeko beharra partekatu zuten. Horiek horrela, gaia aztertzen hasteko, euskararen gaitik hastea erabaki zuten eta Egituraketa Lantaldearen hurrengo bilerara Jon Insausti zinegotzia gonbidatzea adostu zuten. Horrez gain, lantaldeek azken asteetan egindako lanen berri eman zuten.
Diagnostikoaren lantaldeak diagnostiko partekatuaren lizitaziora Paisaje Transversal enpresa soilik aurkeztu dela azaldu zuen. Behin adjudikazioa eginda lantaldeak enpresarekin bilera egingo du. Hirigintza, mugikortasuna, mantentze lanak, proiektuak eta obrei buruzko lantaldeak, berriz, barrutian martxan dauden hainbat proiektuen gaineko egoeraren berri eman zuen; besteak beste, Felix Iranzoko aparkalekuaren proiektua bertan behera geratuko dela amiantoaren eraginez, Dbusek lineen erabiltzaile kopuruari egindako azterketa eta 31. lineari egiten dion eragina, Oleta Pikabea eremuaren aurreproiektua, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren epeak.
Berdintasunaren lantaldeak hainbat gai izan zituen hizpide: emakumezkoen kale izenak, barrutiko auzoetan emakumezkoen eskulturen lehiaketako epaimahaia, berdintasun plana, Herrerako puntu kritikoa, eta espazio eta eraikin publikoetan emakumezko izenak jartzea.
Azkenik, Partaidetza eta Komunikazioa lantaldeak aditzera eman zuen Sorleku parkearen prozesuari dagokionez, Alubi elkartea azken memoria prestatzen ari dela . Ekialdeko Barrutitik aldizkariaren hurrengo alerako gaiak proposatzeko epeak zehaztuko zituzten, eta udazkenean barrutitik egindako komunikazioa baloratu eta hobekuntzarako proposamenak egiteko lanketa egitea adostu zuten. Era berean, auzoetan proposatutako proiektuen berri emateari buruz hitz egin zuten, eta adostu zuten aurrerago landuko dutela nola egin.


