Greba egingo dute igandean Donostiako mugikortasun agenteek
Greba antolatu dute udaleko mugikortasun atal operatiboko agenteek igande honetarako, hilak 27. “Urteak” daramatzate hobekuntzak eskatzen eta unea iritsi dela uste dute. Igandea aukeratu dute, euren lana nabarmenagoa den eguna delako; hain zuzen egun horretan inauteriak ospatuko dira eta futbol partida dago, ohikoak diren trafiko mozketa beharrekin.
2009an Donostiako Udaleko Mugikortasuneko Atal Operatiboa sortu zenetik, “udal honek” ez diola “jaramonik egin” salatu dute. Aipatzen dituzten hobekuntzen artean ondorengoak daude: prestakuntza, lan kargak, bateragarritasuna, kontratazioa, soldata maila eta langile falta, besteak beste.
Langileen Batzordeak eta gainontzeko langileen artean egindako batzarrean, gehiengoak hala erabakita, erabaki da greba egitea. Sindikatuek salatu dutenez, “behin eta berriz” eskatu dute negoziazioaren bidetik dauden arazoak konpontzeko, baina ez dute erantzunik izan. Mobilizazioen egutegi bat prestatzea “beste irtenbiderik” ez dutela izan, eta greba urrats bat izango dela diote.
LABeko Harkaitz Antiak azaldu duenez, kontziliazioa da baliabiderik ezaren ondoriozko arazo nagusia. “Ez dago agente nahikorik. Bajak betetzea eta hemezortzi agentez osatutako plantilla handitzea proposatzen dugu, eta hori oso garrantzitsua izango litzateke ditugun beharretara iristeko. Izan ere, mugikortasun-txosten batzuek egiaztatzen dute beharrezkoa dela”. Zehazki hemezortzi langile gehiago behar dituztela proposatzen dute, “lana duindu eta bajak bete ahal izateko”.
Donostian lan egiten duten 77 agente, bederatzi koordinatzaile eta sei ikuskatzaile daude grebara deituta. “Oso kolektibo batua gara”, diote, eta, horregatik, jarraipen ona espero dute grebarako.