21 urteren ostean agur esango du K. Barandiaran lurrindegiak
Denda itxiko zuela iragarri zuenetik, jende asko ari da pasatzen Egiako K. Barandiaranen lurrindegitik. “Une batzuetan jende gehiago dator galdetzera, edo besterik gabe, hitz egitera. Esaten didate pena dutela. Are inoiz sartu ez den jendea” dio Karmele Barandiaranek, apur bat minduta. Duela 21 urte hartu zuen komertzioa, aurreko jabeak utzi zuenean, “ez nuen gehiegi pentsatu, aukera ikusi nuen eta animatu nintzen”.
Gizartea asko aldatu dela uste du Barandiarenek. Pandemiarekin “jende askok nahi zuen hurbiltasuna” eta hori nabaritu dela uste du, baina “berandu da jada, gizartea aldatu egin da”. Saltoki handietan eta interneten erostearekin “jendeak uste du merkeagoa dela, baina askotan ez horrela”. Amazonekin ere kezkatua dago Barandiaran: “Prezioak ez dira merkeagoak baina jendeak uste du baietz”.
Berandu dela dio, jada ikusi dituelako inguruan denda asko ixten. Aguantatzen saiatu da, baina azkenean “amore” eman duela aitortzen du. Gazteen eta orokorrean kontsumo ohituretan jarri du arreta: “Horrela jarraitzen badugu etorkizunean ez da gertuko merkataritzarik egongo, bakarrik tabernak eta saltoki handiak. Hor ez dago elkarrizketarik, ez eta zerbitzu on bat emateko borondaterik”.
Martxoaren 19an esango du agur, eta bitartean espero duena da “stock guzti hau gainetik kendu ahal izatea”. Ez dadin horren mingarria izan atzean utzitakoa.