Amiantoz kutsaturiko lurzoruen batzorde ez iraunkorra sortzeko proposamena baztertu du udal gobernuak
Otsaileko osoko bilkuran, amiantoz kutsaturiko lurren inguruan aritu dira. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk elkarrekin proposamen bat aurkeztu dute. Hain zuzen ere, Altzako kiroldegi berriaren inguruan amiantoz kutsatutako lurren inguruko batzorde ez iraunkorrari izena eta egitekoa aldatzea. “Errealitateak erakutsi du amiantoz kutsatutako lurrak kiroldegiaren ingurua ez ezik, askoz toki gehiago ere hartzen duela”, azaldu dute hiru udal taldeek.
Altzako kiroldegi berriaren eremuan ez ezik, beste hainbat lekutan ere azaldu da amiantoa. Esaterako, Felix Iranzo eta Sasuategi kaleen arteko lursail batean –han aparkaleku bat egitea aurreikusi zen– eta Marrusko baratze inguruan. “Guk uste dugu, osasunerako hain arriskutsuak diren materialak azaltzearen dimentsioak behar bezala tratatzeko, derrigorrezkoa dela batzordearen xedea aldatu eta aztertu eta jarraipena egin beharreko lurraldearen luze zabalak handitzea”, nabarmendu dute.
Horrela ere, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren udal taldeek proposamenaren kontra bozkatu dute. Duten gehiengoa baliatu dute atzera botatzeko. Duñike Agirrezabalaga sozialistak adierazi du ez dela beharrezkoa, udalak badituelako erremintak bestelako kutsatzeei erantzuteko. “Altzako batzorde hori sortu zen proiektu eta lursail konkretu baterako”, esan du Agirrezabalagak. Gauza bera nabarmendu du Martin Ibabe zinegotzi jeltzaleak, eta gaineratu du beste amianto kasuak landu eta jarraipena egiteko Hirigintza batzordea dagoela: “Erreminta aproposagoa da, kutsadura kasuak lantzen ditugu batzorde horretan eta azalpenak ematen dira”.