Aste honetan bukatuko da Maialen Lujanbioren 'Bizitza happening' soinu instalazioa Tabakaleran
“Bizitzak gal dezake bizitzaren antza?”. Galdera hori, bestelako gogoeta eta proposamenekin ardaztuz, soinu instalazioa egin zuen Tabakalerako eskaileretan Maialen Lujanbio bertsolariak. Ardaztuta, hain zuzen, hiru solairutan, zortzi bozgorailuetan entzuten den pieza bat delako ‘Bizitza happening’ soinu instalazioa.
Aurretik Pauline Oliveros eta Niño de Elchek egin dituzte instalazioak ‘Scala’ proiektuaren baitan. Musikatik aldenduta, Lujanbioren instalazioaren “ezaugarri nagusia hitza da”. Tabakalerako Hotsak saioan azaldu duenez, “Hitza eta artearen arteko harremanak konfliktoa sortzen dit eta sortzen du”.
Bizitza happening. Eskaileretan jarrita dagoen soinu piezaren abiapuntua duela urte batzuk eskailera horietan bertan ikusitako pasarte batean oinarritua da. Eskailera atzean makurtuta ikusi zituen bi lagun Lujanbiok, zertan zeudela ez zekiela. Burua okertu eta konturatu zen errezatzen ari zirela. “Orduan bi ertzain agertu ziren eta gorabehera” hori eman zen: “Zer pentsa sortu zidan, barne gatazka geopolitiko eta etikoa izan nuen nire barruan”.
Lujanbiok mamia eta forma bazuen, baina gauzatzeko modua Xabier Erkiziak eraman du aurrera, grabaketa eta soinu instalazioa gdatuz. “Auditorio esperimental gisa irudikatu dugu, auditorio bertikala”, hain zuzen. Lujanbiok azaldu duenez “plano horizontal eta bertikalak” nahasten dira. Horizontala litzake alderdi etiko, politiko hori, eta bertikala da “errealitate puska horren garapen artistikoa egiteko garaian dauden gogoetak”.
Musikara eta soinura hurbiltzeko dauden hamaika hizkuntza eta moduak ikertzeko xedez sortu da ‘Scala’. “Interakzio berri eta harrigarriak sortu nahi ditu soinu-piezen eta askotariko publiko mugikorraren zirkulazioa ezaugarri duen gune arkitektoniko baten artean”.
Lujanbioren soinu instalazioa igandera arte egongo da entzungai Tabakalerako eskaileretan.