Ate Irekien Zerbitzuaren informazioa udalaren webgunean argitaratzea adostu dute
Hiritarron Harrera Sarearen eskaera otsaileko udalbatzarrera eraman du EH Bilduk. Hotz handiko gauetan Ate Irekien Zerbitzua aktibatzeko protokoloa aldatzeko eskatu dio udal gobernuari Olaia Duarte zinegotziak, “etxerik gabekoei hobeto artatu ahal izateko”. Horrekin batera, Donostiako Udalaren webgunean Ate Irekien Zerbitzuaren inguruko informazioa argitaratzeko proposamena luzatu dio. Udalbatzak aho batez onartu du bigarren eskaera. Aldiz, hotzaren protokoloa bere horretan mantentzearen alde agertu dira EAJ, PSE-EE eta PP udal taldeak.
Duartek udal gobernuari egotzi dio askotariko “aitzakiak” jartzea protokoloa ez aldatzeko: “Inguruko herriek baliabide gehiago jarri behar dituztela diozue, eta nahikoa diru bideratzen duzuela etxerik gabeko egoeran dauden pertsonentzat”. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak egungo protokoloa erabiliko dutela berretsi du. “Negua hasi zenetik, hamar gautan aktibatu dugu La Sirena aterpetxean, eta egiaztatu dugu etorri direnen %90a egoera irregularrean dauden gazteak direla. Integrazioa behar dute, formazioa, lana eta bizitzeko toki bat. Ez bakarrik neguan, urte osoan zehar baizik. Lan hori egiten ari gara”, azaldu du San Romanek. Udalaren Gizarte Ekintzako laguntza eta programen bidez 300 pertsonak kalea utzi zutela gaineratu du.