Final bat jokatuko du gaur Realak
Realeko jokalariak, joaneko partidako bigarren gola ospatzen. Oiartzabalek egin zuen, penaltiz. (Argazkia: Reala) Iritsi da eguna, gaur arratsaldean jokatuko du Realak final itxura duen neurketa. Leipzig jasoko du Anoetan, eta Europa ligan jarraitu nahi badu, talde alemanari gailendu egin beharko zaio. Derbian kolpe handia jaso ostean, Imanol Alguacilen taldeak erakutsi beharko du isolatutako zerbait izan zela San Mamesen gertatutakoa, eta, gutxienez, Leipzigen aurkako joaneko partidan bezain ondo jokatu beharko du. Mende honetan, oraindik, Realak ez du Europako txapelketa bateko kanporaketarik gainditu, beraz, Leipzig garaituz gero, lehenengo aldia izango litzateke.
Txuri-urdinek joaneko partidan erakutsi zuten alemanei aurre egiteko gai direla; izan ere, epailearen akats batengatik izango ez balitz, garaipen batekin iritsiko ziren gaurko neurketara. Gogoratu behar da Reala 1-2 irabazten ari zela 80. minutuan, baina epaileak Zalduaren penalti bat adierazi zuen orduan, nahiz eta txuri-urdinak ez zuen aurkaria ukitu ere egin.
Merinoren baja garrantzitsua dauka Alguacilek, baina Isak eta Januzaj berreskuratuko ditu, gutxienez, bigarren zatian minutu batzuk jokatzeko. Neurketa 18:45ean izango da, Anoetan, eta jokalariek zale txuri-urdinen babesa izango dute.

