Udal gobernuak berretsi du Loiolako Erriberan eraikiko direla bi etxebizitza dorreak
Loiolako Erriberan gazteentzako eta adinekoentzako bi etxebizitza dorre eraikitzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Guztira, 120 zuzkidura apartamentu izango lirateke, hamazazpi eta zortzi solairuko dorretan. Donostiako Udalarekin adosturiko hirigintza proiektua da, eta otsaileko osoko bilkuran Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak adierazi du udal gobernuak erabaki duela etxebizitza horiek Loiolako Erriberan kokatzea.
Hasieratik auzoko bizilagun asko proiektuaren aurka agertu dira. Bizilagunak irailean hasi ziren proiektuaren aurka mobilizatzen eta bilerak egiten, eta orain sinadurak biltzen ari dira. Loiolako Erriberako etxebizitzen afera udalbatzarrera eraman du PPren udal taldeak. Donostiako Udalak Etxebizitza Sailari zuzkidura apartamentuak beste lursail batera eramateko eskatu dute. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk bat egin dute mozioarekin, baina kontra agertu dira EAJ eta PSE-EE. Hain zuzen ere, eztabaida piztu da oposizioko udal taldeen eta udal gobernuko alderdien artean.
Borja Corominas PPko bozeramaileak adierazi du auzoan proiektua ez dutela gustuko: “Loiolako Erriberako Gizarte Segurantzaren biribilgunearen eta Donostiako saihesbide zaratatsuaren arteko tarte oso txiki batean kokatua dago. Auzotarrek ez dute ulertzen apartamentuak hain espazio txiki batean eraikitzea, kontuan hartuta partzela hori auzoan beharrezkoagoak diren beste ekipamendu batzuetarako erabil daitekeela, adibidez, anbulatorio bat eraikitzeko”.
Garmendiaren ustez, Loiolako Erriberetako etxebizitza proiektuak “interes orokorrari” erantzuten dio. “Udalak esan dio Eusko Jaurlaritzari leku horretan eraikitzeko gazteentzako etxebizitzak. Diseinua aldatzeko prest gaude, eta horretarako Jaurlaritzarekin hitz egiten ari gara. Altuera gutxiagoko dorreak eraiki daitezke, eta azpian ekipamendu publikoak aurreikusten dituzte. Dena dela, badirudi hirian gazte eta adinekoentzat 120 apartamentu eraikitzea ez dela albiste ona. Harrigarria iruditzen zait ezkerreko alderdi batzuk halako proiektuen kontra egotea”, azaldu du PSE-EEko bozeramaileak.
EH Bilduko Ricardo Burutaran zinegotziak Garmendiaren hitzak kritikatu ditu: “Proiektu baten kontra egoteak ez du esan nahi etxebizitzak egitearen kontra gaudela. Herritarrei adarra jotzen eta gezurra esaten ari zarete”. Horrekin batera, Loiolako Erriberako etxeen kasuari ñabardura bat egin dio. “Arazoa ez da etxebizitzen altuera, kokapena baizik. Ez zaigu lekurik egokiena iruditzen zuzkidura apartamentuak jartzeko. Bizilagunak izorratu nahi dituzue”.
Sorturiko eztabaida baretzeko eskatu du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak. “Eusko Jaurlaritzarekin denbora daramagu proiektua lantzen, hobetzeko gauzak dituelako. Bizilagunekin ere hainbat bilera egin ditugu gure iritzia plazaratzeko. Lanean jarraituko dugu dauden alternatibak aztertzeko”, esan du Arzallusek.