Udaltzaingoko langileek lan baldintzak hobetzeko eskatu dute udal batzar aretoan
Otsaileko udalbatzarrean protesta egin dute hainbat udal langilek. Hala nola, Udaltzaingoek eta mugikortasun agenteek. Denbora daramate lan baldintzak hobetzeko eskatzen. Hori dela eta, udaltzainen gatazkari buruzko kontrolerako mozio bana aurkeztu dute Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk. Biak batera jorratu dituzte osoko bilkuran, eta udalbatzak konpromisoa hartu du negoziazio eraginkor bat egiteko sindikatuetako ordezkariekin. EH Bilduren bi eskaera baztertu arren, Elkarrekin Donostiaren eskaerako bost puntuetatik hiru babestu dituzte udal talde guztiek.
Gatazkaren nondik norakoak azaldu ditu Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak: “Haiek diotenez, langile egonkorren falta, atalaren zuzendaritza egiten ari den kudeaketa txarra eta hartu diren erabaki politikoak zuzeneko eragina izaten ari dira, aspaldi, haien lan kalitatean. Eta, horren ondorioz, baita herritarrei eman nahi dieten zerbitzuaren kalitatean ere”. Horrekin batera, langileek hilabeteak daramatzate “bizitza pertsonalean eragina duten murrizketak” jasaten.
EH Bilduren udal taldeak bi eskaera zuzendu dizkio udal gobernuari. Batetik, has dezala Langileen Batzordearekin lan egutegi berri bat negoziatzeko prozesua, “akordio bat lortzeko konpromisoarekin”. Prozesu horren iraun artean, Udaltzaingoko langileei 2020ko lan egutegia aplikatzeko eskatu dute. Bestetik, Udaltzaingoaren lan taldea “behar bezala dimentsionatzea” beharrezkoa dela nabarmendu du Carrerek. Elkarrekin Donostiak, berriz, udalbatzaren babesa izan du aurkezturiko mozioaren hiru puntutan. Sindikatuen ordezkariekin negoziazio bide bat irekitzearen alde agertu dira, udaltzainen lan baldintzak hobetzeko. Era berean, negoziazio hori ahalik eta eraginkorra izatea onartu dute. Horrez gain, udaltzainek helarazitako aldarrikapenei –langile falta, esaterako– kasu egiteko borondatea erakutsi dute.
Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak bere gain hartu du gatazkaren ardura, eta egoera konpontzeko asmoa dutela berretsi du. Udaltzainen lan egutegia aldatzea baztertu du, baina sindikatuekin negoziatzen jarraituko dutela gaineratu du.