Donostia, 'le petit Paris'?
Gauza jakina da Donostiak baduela Frantziako, eta zehatzago esateko, Parisko arkitekturarekin antzekotasunik. 'Belle époque' garaiak urbanismo berri bati eman zion bide. Eraikinen antzekotasun horiek 'le petit Paris' izena eman zioten Donostiari.

1871tik 1914. urtera arteko garaiari deitzen zaio belle époque. Hau da, Parisko Komunatik Lehen Mundu Gerrara doan aro lasaia-ri. Lasaia, aristokrazia eta burgesiarentzat, bistan da. Hain zuzen, garai horretan Miarritzera etortzen hasi ziren oporraldian Europako aristokrata eta burgesak eta Donostiara hurbildu ziren, gertutasunagatik. Isabel II.a eta Maria Kristina Espainiako erreginen egonaldiek bihurtu zuten Donostia turismora bideratutako hiria. Urbanismoa garatzen hasi zen garaiarekin egin zuen bat, hain zuzen.
Parisen Napoleon III.arekin batera lan egin zuen Haussmann arkitekto ospetsuak inauguratu zuen mundu osoan zehar zabalduko zen hiri eredu bat: erreboltak kontrolatzera bideratutako bulebar eta hiribide zabalak, bakea eta otzantasunera bideratutako parke eta pasabideak, eta kontsumorako terraza eta kafeak.
Arkitekto ugarik Haussmannen eredu hori jarraitu zuten Donostian, eredu frantses horretara hurbilduz: Ugartemendia, Cortazar, Jose Goikoa y Barkaiztegi, Juan Aldai eta Luis Elizalde dira mendeko arkitekto esanguratsuenetako batzuk.
Ondarea galtzeko zorian
Hiriko eraikinetan oraindik ikus daiteke Parisekin izan zuen antzekotasuna: Maria Kristina zubiaren eta Parisko Alejandro III.aren zubiaren artean, diputazioaren eraikinak Garnier Operaren eraikinarekin duena, Gipuzkoa Plazak Parc Monceaurekin eta Arte Ederren eraikinak Parisko Gaumont Palacerekin, besteak beste.
Hiriaren bilakaeraren inguruan kritiko azaldu da, hala ere, Donostiako historialari Berta Etxeberria ETBko Itxi liburuak saioan. Bere ustez, “1980ko hamarkadatik hona gehiago egin da txikizio bat uztarketa bat baino”. Garai batean Europan modernizazioren punta-puntako hiria izan zena, inertziaz eta diru gosez bere ondarea galtzen ari da.