Frantzia pasealekua horiz janzten ari da
Donostiako Udalak 130.000 nartziso landatu zituen urrian Frantzia pasealekuko lorategietan, eta loratzen hasi dira orain, gunea horiz jantziz. Hain zuzen ere, egun gutxitan “alfonbra” hori baten itxura hartuko dute lorategi horiek, udalaren arabera.
Landareak babesteko, hesiak jarri zituzten urrian, eta Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak azaldu duenez, astelehenean kenduko dituzte, baita informazio panelak jarri ere. Hala ere, loreak ez kaltetzeko eskatu die herritarrei: “Donostiako herritarrek loreez gozatzea nahi dugu, oztoporik gabe, baina errespetua eskatzen dugu, multzoak merezi duen itxura izan dezan. Hala, txakurren jabeei eskatzen diet ez uzteko beren maskotak lorategietara sartzen eta loreak txikitzen, eta gauza bera eskatzen diet aitatxoei eta amatxoei, lorategiak ere ez daitezen izan beren seme-alaben jolasleku. Ia lau hilabete itxaron dugu eta orain naturaren ikuskizun honetaz gozatzeko garaia da”.
Udaberriaren hasieran, nartzisoek euren zikloa amaituko dute, eta moztu egingo dituzte, lorategiek soropilezko mantu berdea berreskuratu dezaten.