"Jolasaren parte izateko prest etorri dibertimendura"
Juan Antonio Urbeltzek inauterien teoria antropologikoa formulatu zuen. Izurriteen kontrako inauste aroa dira, herriz herri ospatzen diren erritualak. Añorgan lehen aldiz antolatu dute libertimentu edo maskarada bat, auzoko ekosistema zalantzan edo arriskuan jartzen duten 'izurriteei' aurre egiteko errituala. Hori bai, dibertituz. Gari Otamendi dantzaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria aritu dira antolatzen biharko dibertimendua.
Nola hasi dibertimendua Añorgan?
Gari Otamendi (G.O.): Añorgan gauza asko hasten diren moduan, festa bateko, edo askotako solasaldien emaitza da, aspalditik jarraitzen dugun inauterien formatu bat gurera ekartzeko gogoetatik abiatuta.
Euskal Herrian eta Europako tradizio askotan badauzkagu eredu oso aproposak komunitatea lanean jarri eta kohesioa bilatzen dutenak. Eta ahal dela plazeretik, gozarazten eta auzolanean.
Eredu zaharra maskarada da, baina Antton Lukuk Garaztarrak taldearekin duela hamar bat urte libertimentua berreskuratu zuen, duela hiru urte Irunkokoa egin zuten Iruñean, eta hor interesgarriena da batez ere klabe urbano batzuetan egin delako. Herri adierazpenak uztartzen dituen formatu bat da dibertimendua. Bertsoak, dantza, antzerkia, kantak, inprobisazio asko, kritika soziala, askatze pertsonala… hori guztia dago.
Beñat Gaztelumendi (B.G.): Auzoa asko ari da aldatzen, etxebizitza proiektuen inguruan eztabaida handia dago. Auzoko ehun soziala asko ari da ahultzen. Añorga Kultur eta Kirol Elkartearen mendeurrenarekin espazio bat sortzeko aukera ikusi dugu, belaunaldi ezberdinek partekatzeko. Dibertimendutik harago doa hau, urte osoan zehar partekatu daitekeelako, eta aurrera begira errepikatzeko aukera emango duelako. Horrek berak izugarrizko funtzio politikoa du.
Libertimendua ala dibertimendua?
G.O.: Orain dela gutxi arte libertimendua erabili dugu, eredua hori zelako. Esanahia mantendu dugu, baina gipuzkeraz, hedatzen ari den eredu batean kokatzen gaituelako geografikoki. Dibertitzeko momentuan, hitza bera ez galtzea polita da baita ere.
Nolakoa izan da prozesua?
B.G.: Gu biok bildu ginen lehenik, gero Antton Lukurengana joan ginen, aholku bila eta gu aritu gara gidoia eta pertsonaiak sortzen. Lehen urtea denez zailagoa izan da, baina datozen urteetan eredu bera egin daiteke, testuak aldatuta.
Dantzak sortzen lan handia egin dute; irailean hasi ziren. Antzerkia bioi urrutien gelditzen zitzaigun eta kostatu zaigu. Bertsoak bat-batekoak izango dira, nahiko argi genuen hori hasieratik. Bertsoa, dantza eta antzerkia ez dira hiru atal ezberdin. Denak bat dira, eta hizkuntza bera hitz egin behar dute.
Inauteriek garrantzia handia izan dute euskal tradizioan.
G.O.: Nafarroarekin eta Euskal Herriko Iparraldearekin lotzen ditugu eta errezeloa izaten dugu, hobe hau ez badugu egiten. Eta nik uste dut kontrakoa behar duela. Gero eta aldenduago dauden bi Euskal Herri horiek elkartzen dituela. Badaude herrigintza eta auzogintza egiteko eredu batzuk eta denontzat dira balekoak.
Inauterietan eta erritual gehienetan, badaude figura arketipiko batzuk Euskal Herrian, Europan zein Asian. Alpe inguruetako herrietan zintzarriekin dira inauteriak, baita Bulgarian edo Kroazian ere. Eguneko antolaketan ere: etxez etxeko eskearekin hasi, amaieran antzerki parte hartzaileak eta musika herrikoia. Funts komun bat badago, eta horrek esan nahi du oso antzinako eta oso humanoa den zerbait dela.
Era berean, arketipo horietatik abiatuta guk gurea egin dugu, Añorgakoa. Musikalki neguko festa eta inauterietan Donostian dauden melodiak ekarri ditugu, eta horien arabera osatu dantzak. Partaide izango den ikusle horrek jada ezagutuko duen zerbait edukitzea garrantzitsua da.
B.G.: Añorgan goizuetarrek pisu handia izan dute. Rezola fabrika sortu zenean lanera etorri ziren asko, eta oraingo familia asko jatorriz hangoak dira. Goizuetako zagi dantza txertatu dugu, adibidez.
Pertsonaiak arketipoak dira baita ere?
G.O.: Pertsonaia guztiak zirtzilak izango dira, eta horietako bik izen propioa izango dute. Mundutik datorrenak, zein Donostiatik datorrenak arketipoaren ikuspegitik erakutsiko dute auzo ereduan dauden talka ideologikoak.
Nolakoa izango da eguna?
B.G.: 10:00etan hasiko gara, Añorga txikiko goiko aldean eta hainbat geldialdi egingo dugu dantzari, bertsolari eta aktoreekin. Karmengo Aman eta Pedro Josetik igaro ondoren, Harrobiaren plazara jaitsiko gara 13:00etan eta hemen emanaldi luzeena egingo dugu, ordubetez.
Ikusmin handia ari da sortzen auzoan.
B.G.: 80-90 lagun izango gara. Orain arte bereizita lantzen aritu gara, eta orain bi entsegu orokor egin ditugu denok batera, eta hor konturatu gara zeozer handia dela. Jendea urduri jartzen hasi da, eta ikusmina sortzen. Orain egunero ditugu telefono deiak: “Nik ere parte hartuko nuke honetan, edozer egin behar bada esan”. Pena batzuk kanpoan geratu izana, baina urtero egiteko moduko zerbait egin dugu, eta espero dugu, hurrengo urtean horiek parte hartzea.
G.O.: Uste genuena baino handiagoa. Hasieran pentsatzen nuen, gerta liteke hasi eta kaleak hutsik egotea. Hori gertatuko balitz, ez naiz erabat triste jarriko, zeren partaide asko gara eta lehendabiziko helburua da horiek ondo pasatzea eta egindako kohesio lan hori egunean bertan bizitzea. Dibertimenduak funtziona dezan eta hurrengo urteetan egin dadin, egileak dira disfrutatu behar dutenak.
Zer garrantzia du honek kultur transmisioaren ikuspegitik?
B.G.: Maskaradak oso exotikoak irudikatzen ditugu, egun batean goaz eta emanaldi bat dirudi. Baina zerbait izatekotan, transmititzeko formatu bat da. Hemen garai batean esaten zen bertsotan etxean ikasten zela eta dantzan ere. Zuberoan kalean ikasten dute, badagoelako formatu bat propio asmatuta denek denetik ikas dezaten. Añorgan ere zerbaitengatik dago dantza talde bat, sorpresa jaialdi bat, bertso eskola bat… hemen badago lan bat inkontzienteki egin duguna baina norabide berean doana.
Zein gomendio hona etortzeko?
G.O.: Beldur punttu batekin etortzea. Bakoitza bere rolean sartuta egongo da goizeko 10:00etatik bazkal ordura arte –eta gerora ziur ere–, begiak irekita etortzea eta egileei esaten diegun moduan, dibertitzeko gogoz. Herri adierazpideak auzo elkartearen tortilla lehiaketa baten moduan irudikatzeko joera dugu. Ikuskizun batetik harago doa hau.
B.G.: Oharra: Añorgatik eta Añorgarentzako pentsatutako zerbait da. Ez dago pentsatua kanpotik jendea etor dadin. Etor dadila nahi duenak noski, baina berez auzoari begirakoa da. Maskaradan pixka bat aztoratuta ateratzen gara aktoreek egiten dutenarekin. Pertsonaiaren batek zerbait egiten dizu, bromaren bat edo, eta harrituta geratzen zara. Prest etorri jolasaren parte izateko, jokalariek baimena dute edozer egiteko. Ez gara zuberotarrak, baina saiatuko gara.