Sinpleago, baina tradizioa mantenduz
Ibaetako jaiak antolatzea erabaki dute azken unean. Martxoaren 1ean eta 5ean ohiko egitaraua berreskuratuko dute.
(Argazkia: Iñaki Agirre) Ez zuten festarik egin behar, baina jai batzordeak aurreko astean erabaki zuen Ibaetako festak antolatzea. Bi eguneko egitaraua prestatu dute, ohikoa baino sinpleagoa. Martxoaren 1ean, Aingeru Zaindariaren egunean, meza, erromeria eta bertso saioa berreskuratuko dituzte. Martxoaren 5ean, berriz, Ibaetako historia zein bitxikeriak ezagutzeko ibilaldia egingo du Josu Tellabide etnologo eta auzokideak. Horrekin batera, haurrentzako antzerki saio bat antolatu dute eguerdirako.
Ibaetakoak izan ziren 2020an hirian egin ziren azken festak, pandemia deklaratu aurretik. Iaz, ordea, jaiak bertan behera utzi zituzten osasun larrialdiarengatik. «Jaien historian lehen aldiz meza, erromeria eta bertso saioa ez genituen egin. 80 urteko tradizioa eten zuen pandemiak», azaldu du Pello Basurtok, jai batzordeko kideak. Horrela ere, Ibaetako bizilagun batzuek jaietako bandera jarri zuten euren balkoietan, eta ermitara joan ziren hamaiketakoa egitera.
Aurten Aingeru Zaindariaren ermitara itzuliko dira, baina jatorrizko tradizioa behar bezala berreskuratzeko. Meza 11:00etan egingo dute, eta Estanga aita-seme trikitilariek girotuko dute erromeria, 12:00etatik aurrera. Noski, salda eta hamaiketakoa ez da faltako. «Txorizo eta haragi egosia dastatu ahalko da, ardoarekin eta sagardoarekin lagunduta», dio Basurtok.
Bertso saioa, berriz, 12:45ean hasiko da Ibaeta ondo baino hobeto ezagutzen duten lau bertsolarirekin. «Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek 20 bat urte daramatzate abesten, eta Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak askoz ere gehiago», nabarmendu du jai batzordeko kideak. Bestalde, egitarautik kanpo geratu da ohikoa zen Gorriti Showa.
Ibaeta ezagutzeko ibilaldia
Berrikuntza gisa, martxoaren 5ean ibilaldi berezi bat antolatu dute. Josu Tellabide auzokidearekin elkarlanean, Ibaeta ezagutzeko ibilaldia egingo dute. 09:30ean abiatuko dira Karlos Santamaria plazatik. Tellabidek txangoaren nondik norakoak azaldu dizkio hedabide honi: «Ibaeta eta Lugaritz auzoen historiaz ariko gara. Ondoren, Infernua eremua bisitatu eta Igara aldean Munotxabal baserria ikusiko dugu. Inguruan dituen baserrien historiaz ere ariko gara. Azkenik, Urreztigarai baserrira igo eta Aingeru Guardakoa ermita eta inguruan dituen aurriak ikusiko ditugu».


