Astiñeneko zubi berriko erdiko pieza jartzeko lanak atzeratu dituzte
(Argazkia: Xalba Ramirez) Astebetez atzeratu dituzte Astiñeneko zubi berriaren erdiko pieza jartzeko lanak. Udaleko iturrien arabera, zubiaren bigarren zatia jarri zutenean, konturatu ziren fabrikan parametro batzuk zuzendu behar zituztela zubi osoa behar bezala muntatu ahal izateko. Horrelakoak gertatzea normala dela dio udalak, eta, beraz, falta den pieza jartzeko beste astebete bat pasa beharko da.
Hilaren 17an jarri zuten Astiñeneko zubi berriko bigarren zatia, Loiolako Erriberako pasealekuko aldekoa. Garabi txikiago bat erabili zuten pieza ibaian eta estribuetan jartzeko. Lehen zatia, berriz, abenduaren 1ean kokatu zuten, Egia kalearen aldeko egituran, garabi handi batekin.


