Osasun langileen greba: "Ez dugu onartuko Osakidetzaren desegitea, prekarizazioa eta pribatizazioa"
Gaur Osakidetzako langileak grebara atera dira SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Sindikatuek azaldu dutenez, datu zehatzak ez dituzten arren, “jarraipena oso zabala izaten ari da”. Donostian manifestazioa egin dute 300 bat lagunek Groseko osasun etxetik abiatuta, eta osasun publikoaren aldeko oihuez gain, Sagarduiren dimisioa eskatu dute manifestazioan zehar.
Grebaren jarraipena “garrantzitsua izaten ari da Lehen Arretan” eta sindikatuen ustez “plantillaren kolapsoaren eta nekearen isla da, bai eta egiturazko eta berehalako konponbideen beharraren isla ere”. Ohartarazi zutenez, ordea, gutxieneko zerbitzuak “guztiz abusuzkoak dira eta milaka langile greba-eskubiderik gabe utzi dituzte”.
Grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, “Osakidetzak datuak manipulatzen dituela” eta “benetako datuak” ematea eskatu diote.
Osakidetzaren “prepotentzia, inposizioa eta gardentasun falta” salatu dituzte. Sindikatuek diotenez, “helburua herritarrei gezurra esatea da, EAJren gobernuaren interes politikoekin bat datorren osasun publikoaren irudia eskaintzen jarraitzeko”.
“Greba historikoa” izan da sindikatuen ustez, eta fase bat amaitzen den arren, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute, Osakidetzak “langileentzako benetako hobekuntzak dakartzaten akordioak sistematikoki atzeratzen eta zailtzen” dituen artean.
Argi esan dute: “Ez dugu onartuko Osakidetzaren desegitea, prekarizazioa eta pribatizazioa. Osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan, guztiona. Eta ez dugu ahaztu behar, lan baldintza duinik gabe, ez dagoela kalitatezko osasun arretarik”.