Libertitzea zoinen eder den
Inauste garaia da, izurriteen kontrako festa garaia, inauteriak Euskal Herri osoan. Munduan zehar egin moduan, maskarak eta trapuak eta koloreak izan dira nagusi gure tradizioan. Azken urteetan telebista eta pelikuletako pertsonaiez janzten garen arren, izan dute inauteriek gurean bestelako molde bat, komunitatea, festa eta irria uztartzen dituena.
Antton Lukuren ekimenez libertimendua berreskuratu zuten orain hamar bat urte Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) eta jarraian ospatu zuten Amikuzen, Luhuson eta beste herrietan, Duela hiru urte Iruñean irunkokoa egin dute, eta giro urbanoan egin daitekeela frogatuta, Añorgara ere iritsi da.
Dibertimendua
Baina zer da libertimendua? Antzerkia, dantza, bertsoak eta musika uztartzen dituen ekimena da. Ekimena, eta ez ikuskizuna. Ikuslearen eta parte-hartzaileen artean dagoen muga lausotu egiten delako. Urtean zehar auzoan edo herrian gertatutakoak ekartzen dituzte gogora, ironiaz eta umorez, norberaren eta ingurukoez barre egiteko prest.
Añorgan lehen aldiz ospatu dute joan den larunbatean. 10:00etatik aurrera barrikadak egin dituzte auzoan barrena. Antzerki, bertso eta dantzak Añorga Txikin, Errekalden, Pedro Josen… Eguerdian jendez lepo zegoen Harrobiaren plazara heldu arte.
Giria eta alkatea
Inork ez zekien zer topatuko zuten, sekretua gorde nahi zutelako parte hartzaileek, eta merezi izan zuen. Zirtzilez osatutako bi taldeak agertu ziren oholtza gainera –tira, plazara–. Lehenengo taldeak, Giri esploratzaile kosmopolita buru, Añorga ezagutzea kostatu zitzaion. Bertako herritarrak, “porlanak”, folklore eta kontsumo produktu bilakatu zituen, Rezola fabrikaren hautsak birikak izorratzen dituela onartzen zuten bitartean.
Bigarren taldearen burua, Donostiako alkatea genuen. Ez zirudien gaur egungo alkatea, Donostiako edozein alkate baizik, denek dutelako zerbait komunean: hauei ere kostatzen zaie Añorga ezagutzea. Alkateak, jakina denez, dena egin du: bulebarra, etxe berriak, bidegorria. Dena egin du, baina ez denen gustura. Gutxiren gustura, egiari zor: “Ez gara sardinak” oihukatzen agurtu zuten.
Arkaitz Dantza Taldeko kideen dantza eta dantza artean, giroa berotuz joan zen Añorgan. Giri atxilotu eta epaiketa egin zion, auzoaren jaun eta jabe den Rezola epaileak. Sutara kondenatu zuten, eta saiakera batzuen ostean erretzea lortu zuten, plaza osoak The Pogues taldearen Dirty old town abestu zuen bitartean: Herri zahar hau.
Udaberria esna arazi dute Añorgan, aspaldiko partez ikusi gabeko giroan. Ikasturte osoa daramate antolatzen eta entseguetan, eta argi dute hori dela garrantzitsuena: elkartzea, komunitatea egitea. Tradizioaren iturri zabaletik edanaz, Zuberoako xorinoak kaiolan kantua oroituz: libertitzea zoinen eder den!
Bideo laburpena eta argazki galeria osorik albiste honetan.